Kulturako jarduerak berriz abiatuko dira astelehenean, pertsona kopuru mugatuan Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. Horrez gain, ordutegi behartuak mantenduko dira 70 urtetik goragokoentzat eta “pertsona zaurgarrientzat”. Nafarroan ere irekiko da bigarren fasea astelehenean.
Kulturaz eta aisialdiaz gozatzeko aukera mugatua irekiko da EAEn astelehenetik goiti: kultur etxe, antzoki eta zinematan heren bateko edukierarekin eta 50 pertsonara mugaturik eta museoetan aldiz %50eko edukierarekin. Gune irekietan haatik, gehienezko edukiera heren batekoa izanen da, 400 pertsonako gehiengoarekin. Publikoa jarririk egon beharko da, distantziak eta gainerako segurtasun-neurriak betez.
Horren berri eman dute Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, bigarren fasearen nondik norakoak azaltzeko orduan.
Mugikortasunari eta ordutegiei dagokienez, 70 urtetik gorakoei eta pertsona «zaurgarriei» oraindik 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara mugatuko zaizkie. Gainerakoan, mugitu ahal izateko dauden ordu tarteak kenduko direla jakinarazi dute. Dirudienez, nahiz eta horrelakorik ez zehaztu, umeei ez zaie beraz ordutegi berezirik finkatuko. Aldiz, probintzien arteko joan-etorriak mugatuta segituko du –adineko senideei bisitak egiteko, arrazoi sozioekonomikoengatik eta lan arrazoiengatik baimenduta egonen da probintzien artean mugitzea–. Etxean biltzea ere baimenduta izanen da astelehenetik goiti, gehienez hamabost pertsona batuz.
Tabernek kanpoan eta barnean zerbitzua emateko baimena izanen dute, gehienez %50eko edukierarekin, mahaien artean bi metroko tartearekin eta guztiak eserita. Elkarte gastronomikoek eta "txokoek" ere irekitzeko aukera izanen dute, tabernei eskatzen zaien baldintza beretan. Garbiketa eta desinfekzioan neurri zorrotzak bete beharko dituzte guztiek.
400 metro karratu baino gehiagoko zentro komertzialak irekiko dituzte, gehienez ere %40ko edukierarekin. "Hurbileko merkataritza jarduerarekin jarraituko da, gehienez ere %40ko edukierarekin".
Astelehenan indarrean sartuko da Hezkuntza sailburuaren 2020ko maiatzaren 23ko agindua. Azken honek, unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloko aurrez aurreko jarduerak berriz hastea eta ikasketa jakin batzuetan sartzeko azterketak eta probak egitea arautzen du. Bestalde, maiatzaren 25etik goit,i aurrez aurreko irakaskuntzari eta hezkuntza jarduerari berrekitea eta azterketak egitea behartzen du eta hori DBH4an edo helduen hezkuntzako baliokidean, Batxilergoko lehen eta bigarren mailetan eta Lanbide Heziketako lehen eta bigarren maila guztietan.
Era berean, ekaineko lehen astean, gainerako ziklo eta mailetako irakasleak eta irakasle ez diren langileak berriz lanean hastea xedatzen da, ikastetxeetan hezkuntza-jarduera egiteko. Hezkuntzarekin lotura duten beste hainbat jarduera berrekiteko aukera ere egonen da astelehenetik: araubide bereziko irakaskuntzak –artistikoak, kirolekoak eta hizkuntzetakoak–; proba libreak DBHko, Batxilergoko eta LHko tituluak lortzeko; enplegurako Lanbide Heziketako prestakuntza jarduera presentziala eta lanekoak ez diren praktiken moduluak; aurrez aurreko jarduera unitate terapeutikoetan eta hezkuntza bereziko zentroetan; hezkuntza eta prestakuntza jarduera presentziala euskaltegietan, akademietan, eskoletan eta prestakuntza zentroetan eta antzekoetan, publikoetan zein pribatuetan; azterketa ofizialak deitzea, antolatzea eta egitea, tartean, HABE azterketa.
Nafarroa ere bigarren fasera pasako da maiatzaren 25ean, hots, astelehenean. Besteak beste, batxilergoko bigarren mailako ikasleek ikastetxera bueltatzeko aukera izango dute, hala nahiz izanez gero eta eguneko egoitzak, museoak eta liburutegiak irekiko dituzte. Kultur eta kirol jarduerak antolatzen ahalko dira, beti ere pertsona kopuru mugatuan. Haatik, gazteen lokalak eta elkarte gastronomikoak ezingo dira ireki.
Kalera ateratzeko ordutegiak kenduko dituzte ere 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, baina, adinekoei ezarritako ordutegia mantenduko dute.