Martxoaren 12an, baja edo baimenen bat hartzen duten irakasle titularrak ordezkatzeko prozedura eten zuen Eusko Jaurlaritzak. Presioa egin du hezkuntza komunitateak, ikasle guztien hezkuntza eskubidea bermatzeko ordezkapenak berriz martxan jartzea ezinbestekoa dela aldarrikatuz eta Jaurlaritzak orain dio ordezkapenak beteko direla bakarrik bi mailatan eta "ezinbesteko" direnean.
Irakasleak lanez gainezka daudela eta telelana ere lana dela aldarrikatu dute hiru aste hauetan. “Ikasle guztiek ez dute irakaslerik merezi? Zer egingo dute LH-ko ikasleek? Eta Batxilergoko 2. mailan dauden ikasleek?” galdetu dute ordezkapenak berrezartzearen alde egunotan kanpaina martxan jarri dutenek. Eskaera egin diote zuzenean Eusko Jaurlaritzari.
Ordezkapenak bere osotasunean ez dira beteko
LABek iragarri du hezkuntza komunitateak egindako presioaren ondorioz "Lakuak ordezkapenak betetzeari atea zabaldu" diola eta gaineratu du "hemezortzi egun berandu" datorrela neurria. Aldiz, STEILASek zehaztapenak egin nahi izan ditu: "Ordezkapenak lehen egunetik eta bere osotasunean ez dira beteko. Batxillergoko 2. mailan eta Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak baino ez omen dira ordezkatuko, administrazioak 'ezinbestekotzat' jotzen dituenean".
Irakasleen ordezkapenak esleitzeaz arduratzen den –eta etenda dagoen– Ordezkagunea programa berriz martxan jartzeko datarik ere ez dago, "zurrumurruak besterik ez", gehitu du STEILASek.
Dirudienez, irakasleren bat faltaz gero, gainerakoen artean hutsunea betetzea da Jaurlaritzaren asmoa, baina ez da serioa. Koronabirusaren krisia baliatuz, hezkuntzan murrizketak egitea leporatu dio Lakuari ELA sindikatuak.
Irakaskuntzan egoera ahulenean daudenen artean ditugu behin-behineko irakasle ordezkoak, eta horiek kaltetzen ditu Jaurlaritzaren neurriak. Plazak ezin bete, soldatarik kobratu gabe geratu dira, langabezian, eta puntuak ezin gehitu.
Nafarroan lortu dute
"Eusko Jaurlaritza egiten ari dena legez kanpo dago", salatzen dute eskaeran eta azpimarratzen dute Nafarroan eta Errioxan, "sindikatuen eta langileen salaketa eta bultzadaren ondorioz", ordezkapenak berriro funtzionamenduan jartzea lortu dutela.
"Dena den, adi egon beharko dugu euren hitza betetzen ote duten. Hemezortzi egun berandu dator neurria”, ohartarazi du LABek.