argia.eus
INPRIMATU
EAEn irakasleen ordezkapenak berrezarri dituztela baieztatu du LABek
  • Baimenen bat hartzen duten irakasle titularrak ordezkatzeko prozedura etenda zuen Eusko Jaurlaritzak eta ordezkapenak berriz martxan jartzeko presioa egin du hezkuntza komunitateak. Ostegunean, bertsio ezberdinak tarteko, ez zegoen argi Jaurlaritzak ordezkapenak berrezarri ote zituen eta zein neurritan. LABek gaur dio Lakuarekin hitz egin duela eta ordezkapenak martxan direla berriz.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko apirilaren 03a

LABek bere oharrean azaltzen du EAEn irakasleen ordezkapenak ez betetzeko martxoaren 13an hartutako erabakia bertan behera utzi duela Jaurlaritzak eta ordezkapenak telefonoz egingo direla oraingoz, Hezkuntza ordezkaritzetako langileak ere etxetik ari baitira.

Lehentasunez 6. LH, 4. DBH eta 2. Batxilergoko irakasleen ordezkapenak esleituko direla dio sindikatuak, baina zehaztu nahi du horiek lehentasuna izateak ez duela esan nahi bestelakoak beteko ez direnik: “Ezagutzen ditugu atzotik lanean dauden irakasle ordezko berriak, eta ez dira soilik lehentasunez zehazturiko maila horietako irakasleak”.

Neurria hemezortzi egun berandu datorrela eta administrazioaren jarduna adi jarraituko dutela esana du LABek. Ordezkapenak bertan behera utziz eta beste hainbat neurri hartuz, koronabirusaren aitzakian murrizketak egitea leporatu dio ELAk Jaurlaritzari. STEILASek ere gogor kritikatu du administrazioaren ekinbidea arlo honetan.