argia.eus
INPRIMATU
EAEn ikastetxeak irekitzeko ardura osoa eskola bakoitzaren bizkar utzi du Jaurlaritzak
  • Iragarritakoari muzin egin eta Eusko Jaurlaritzak dio orain ikastetxe bakoitzaren zuzendaritzak erabakiko duela ateak ireki ala ez eta zein baldintzatan nahi duten ireki. Irizpideen eta ondorioen zama guztia ikastetxeen bizkar jarri du beraz. Halako erantzukizunik ez hartzeko eskatu die ikastetxeetako zuzendaritzei STEILAS sindikatuak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko maiatzaren 12a

Maiatzaren 18an EAEn ikastetxeek ateak irekiko zituztela iragarri zuen Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, eta handia izan da hezkuntza komunitatearen haserrea. Osasun eta segurtasun bermerik ez dagoela eta baldintzak negoziatu ezean, plantora deituko zutela iragarri zuten sindikatuek. Ikastetxeak bai ala bai irekiko zirela erantzun zuen Arantza Tapiak asteburuan. Orain, beste bide bat hartu du Hezkuntza Sailak. “Arduragabekeria maila gorenaz” jokatzen ari dela kritikatu du STEILASek.

Ikastetxeek uneotan egoeraren diagnosia burutu eta langileak eta ikasleak babestuko dituen protokolo bat ezartzeko ez gaitasunik ez baliabiderik ez dutela iritzita, ateak ez irekitzeko eskaera egin du sindikatuak.

Autonomia ala esku-garbitzea?

Autonomiaren aitzakian, ikasturte amaierako edukiak eta ebaluazio irizpideak ikastetxe bakoitzaren bizkar utziak ditu Jaurlaritzak, eta eskoletako zuzendaritzetan jartzen ari den zama ez da txikia, osasunari lotutako erabakiak ere haiengan delegatu baititu orain. Horrek eragin dezake, esaterako, egoera berean dauden bi ikastetxek kontrako erabakiak hartzea. “Neurri hori hartzea neurririk ez hartzea bezalakoa da, eta administrazioak neurririk hartzen ez duenean behar gehien dituztenak abandonatzen ditu”, salatu du STEILASek.

Egin dezake administrazioak halakorik?

Sindikatuak gogoratu du ikastetxe publikoen kasuan halako erabaki batek Ordezkaritza Organo Gorenetik pasatu behar duela: “Zuzendaritzak osasun irizpide objektiboetan oinarritutako plangintza proposamena aurkeztu beharko luke Organo Gorenean, eta egutegi aldatzea, antolakuntza eta ordutegi molde berriak ezartzen dituen plangintza bozkatu beharko litzateke”. Areago, ikastetxe bakoitzaren eskumenetik kanpo dagoen erabakia izan daitekeela-eta, zerbitzu juridikoen eskuetan utziko du gaiaren azterketa STEILASek.