Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa artean mugitu ahal izango da mugarik gabe eta garraio publikoa betiko zerbitzuetara eta edukierara itzuliko da, baina maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da. Haurreskolak zabaldu ahalko dira eta arreta terapeutikoa aurrez aurre egin ahalko dute ikasleek. Edukierari buruz, hauxe irizpide orokorra: tabernetan edukiera mugarik ez da izango, eta gainerako jardueretan, esaterako kultur areto, haur eta gazteen aisialdi jarduera, kirol instalazioetan eta azoketan %60koa.
Ekainaren 7ko EAEko buletin ofizialak argitaratu ditu Urkullu lehendakariak sinatutako hirugarren faseko arauak. Nafarroako Gobernuak edukiera mugak gehiago zorroztu ditu.
Hemen EAEko arauak, laburtuta:
Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa artean mugarik gabe mugitu ahal izango da. Garraio publikoan %100ean berreskuratuko dira maiztasuna eta edukiera, eta erabiltzaileek maskara erabili beharko dute "eta ahaleginak egingo dira bi metroko distantzia utzi dezaten elkarren artean".
Gehienez hogei laguneko taldeak bildu daitezke, "etxebizitzetan eta lokal pribatuetan edo erabilera publikoko gune irekietan, babes-arauak eta pertsonen arteko gutxieneko bi metroko tartea errespetatuz betiere".
Liburutegietan baimendutako edukieraren %60 izango da erabili ahal izango da, eta pertsonen artean bi metroko gutxieneko tartea utzi beharko da. Mailetatutako liburuak itzultzean, gutxienez astebetez aparte egongo dira.
Museo, erakustazoka, zinema, antzokietan %60ko edukiera muga izango da eta jarlekuak aurrez erreserbatuko dira. Artisten artean baimenduta egongo da haien arteko interakzioa oholtzan.
Leku itxietako kultur jardueretan gehienez ere 80 lagun sartu ahalko dira jarlekuak aurrez esleituta eta aire zabalekoetan gehienez 1.000 lagun, jarlekuak aurrez esleituta eta haien artean bi metroko gutxieneko tartea utziz.
Kirol-instalazioetan (igerilekuak barne) edukieraren %60 izango da muga. Aldagelak eta dutxak erabili ahal izango dira, babes-arauak betez eta pertsonen artean bi metroko gutxieneko tartea utziz.
Baimena ematen da taldean entrenatzeko, eta kirolarien arteko interakziorako aulki finkoko arraunean eta pilotan, diziplina guztietan, "ekainaren 20tik aurrera lehiaketen hasiera presta dezaten".
Gainerako kirol-diziplinetan, "orain ere baimena dute taldean aritzeko eta entrenatzeko, babes-arauak bete eta pertsonen artean bi metroko gutxieneko tartea utziz gero".
Ostalaritza, jatetxe, txoko, eta elkarte gastronomikoetan ez da egongo edukiera-mugarik, baldin eta mahaien edo mahai-multzoen artean bi metroko tartea bermatzen bada. Barrura sartzea eta barran zerbitzua ematea baimenduta dago, bezeroen edo bezero-taldeen artean bi metroko tartea gordez gero.
Itxita jarraituko dute diskotekek eta gaueko aisialdiko tabernek.
Azoka eta merkatal guneetan, edukieraren %60 erabili ahal izango da.
Baimena ematen da haurtzaindegiak eta 3 urte arteko haurrentzako haur-eskolak zabaltzeko, tokiak ahalmenaren edo ohiko gehieneko ratioaren %60ra mugatuta.
Haur eta gazteentzako aisialdiko jarduerak burutu ahal izango dira, muga hauek betez: aire zabaleko jardueretan taldeen parte-hartzaile kopurua ohikoaren %60 izango da eta gehienez 200 laguneko taldeak izango dira. Leku itxietako jardueretan ere parte-hartzea %60koa izan beharko da eta gehienez 80 laguneko taldea. Bi kasuetan, jarduerak gehienez 15 laguneko taldetan antolatu beharko dira.
Hezkuntzaren eremuan, aurrez aurreko klaseak hasiko dituzte Ibaiondo adingabeentzako zentro itxian eta ospitaleko eta etxeko hezkuntza-arretarako eta arreta terapeutiko-hezigarrirako lurralde-zentroetan.
Unibertsitateetan aurrez aurreko jarduera akademikoak egin ahal izango dituzte, "baldin eta jarduera horiek aurrez aurrekoa ez den beste modu batean ezin badira egin".