argia.eus
INPRIMATU
EAEn haur eskola publikoak ez dira iraila arte zabalduko, baina nola itzuliko dira?
  • Haurreskolak Partzuergoak jakinarazi du irailera arte ez dituela haurrentzako ateak zabalduko. Aldiz, haurtzaindegi pribatu batzuek "kasu batzuetan, prebentzio planik gabe" zabalduko dituztela salatu du LABek. Sindikatuak irailerako ratioak jaistea eta espazioak berrantolatzea ezinbestekoa izango dela adierazi du.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 27a

Ekainaren 8 arte dago zabalik hurrengo ikasturterako haurren izen-ematea haur eskoletan. "Itzulera hau kalitatezkoa eta osasun berme guztiekin eman dadin, ezinbestekoa izango da ratioen jaitsiera eta espazioen berrentolaketa egokiaz hitz egitea eta adostea, horretarako beharrezkoa izango den plantila hornikuntzarekin batera" ohartarazi du LAB sindikatuak. Itzulera plan guztiak alde sozialarekin negoziatu behar direla gogorarazi dio administrazioari.

Partzuergoko haur eskolek irailean zabalduko dituzte ateak

LAB sindikatuak adierazi duenez, "Haurreskolak Partzuergotik, haur eskoletara aurrez aurreko asistentzia eta hezkuntza zerbitzua ez dela iraila arte berriro hasiko adierazi dute eta bien bitartean, beharrezko protokoloak neurriak eta planak lantzen jarraitzen dutela". Tolosaldeko Atariak argitaratua du gurasoek Haurreskola Partzuergotik jaso duten mezua: "Haurrak 2019-2020 ikasturtean haur eskoletara itzultzeari dagokionez, jakinarazten dizuegu Hezkuntza Sailak ez duela aurreikusten haurrak irailera arte itzultzea".

LAB sindikatuak salatu du "haurtzaindegi pribatu batzuk aurrez aurreko zerbitzua emateko zabalduko dituztela, horietako batzuk Eusko Jaurlaritzako diru laguntzak jasotzen dituztelarik, eta kasu batzuetan, prebentzio planik gabe".