argia.eus
INPRIMATU
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan garraio publikoaren deskontuak mantenduko dira, oraingoz
  • Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek aurreratu dute helburua %50eko deskontuarekin jarraitzea dela, baina oraindik Espainiako Gobernuaren erabakiaren zain daudela finantzaketa ziurtatzeko.

Leire Ibar 2025eko urtarrilaren 23a
Printzipioz %50eko deskontua mantenduko da Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Gipuzkoa.eus

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak adierazi dute garraio publikoaren deskontuak mantenduko dituztela, oraingoz, nahiz eta Espainiako Kongresuak —PP, Junts eta Voxen botoekin— asteazken honetan ez duen onartu garraioaren laguntzak barne hartzen dituen dekretu-legea.

Gaur egun, EAEn garraio publikoaren deskontua %50ekoa da: %30 Espainiako Gobernuak finantzatzen du, %10 Eusko Jaurlaritzak eta gainerako %10 Foru Aldundiek eta udalek. Espainiako Gobernuak dekretua ez onartzean, ez dute finantzatuko %30eko deskontu hori, beraz oraindik zehaztu gabe dago aurrerantzean zenbatekoa izango den deskontua.

Gipuzkoako Foru Aldundiak baieztatu du printzipioz Gipuzkoako Lurraldebus zerbitzuetan aplikatzen diren deskontuak mantendu egingo direla. Baina, aldundiaren mugikortasun departamentuak adierazi duenez, ez dute zehaztu zenbat denbora iraungo duten deskontuek, nahiz eta beste erakundeekin koordinazio lanetan ari direla azaldu duten.

Bizkaian, Bizkaibus eta Bilbobus autobusetako deskontuak ere %50ean mantenduko dira, Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraio Departamentuak adierazi duenez. Baina, deskontu horiek mantentzearen erabakia Espainiako Gobernuarekin dituzten elkarrizketen araberakoak izango dela azaldu dute. 

Araban, Alavabus eta Tuvisa zerbitzuetan deskontuak mantenduko dira gutxienez urtarrilaren 31 arte. Espainiako Gobernuak laguntzak berriro Kongresura bidaltzeko bideak aztertzen dituzten bitartean.

Lakuako Mugikortasun Iraunkorreko Sailak EFE-ri adierazi dio Espainiako Garraio Ministerioarekin harremanetan hasiak direla, laguntzen inguruko egoera argitzeko eta deskontuen auziaren jarraipena bermatzeko.