argia.eus
INPRIMATU
EAEn eremu gorrian dauden udalerrien kopurua 89tik 84ra jaitsi da
  • Hamasei herri irten dira zerrendatik, eta 11 sartu. Iragan osteguneko berrikuspenean lehen aldiz egin zuen behera kopuruak, eta astelehenean beheranzko joera mantsoa errepikatu da. Ostalaritza elkarteek taberna eta jatetxeak ixteko Eusko Jaurlaritzaren neurrien aurka jarritako helegiteak ebatziko ditu asteartean EAEko Auzitegi Gorenak.

2021eko otsailaren 08a
Laudio da eremu gorrian sartu den udalerrietako bat. Argazkia: Laudio.eus.

Hamalau egunez 100.000 biztanleko 500 kasu positibo gainditzen dituzten udalerriak sartzen dira eremu gorrian. Herri horietan tabernak itxita egon behar dute eta ezin da taldeko kirol jarduerarik ez eskola kirolik egin. Eremu gorritik irten dira Arrieta, Atxondo, Barrika, Berriz, Dulantzi, Eibar, Elorrio, Hondarribia, Mutiloa, Karrantza, Kripan, Lekeitio, Trapagaran, Zalla, Zaratamo eta Zornotza (115.126 herritar orotara). Sartu dira, aldiz, Aramaio, Asparrena, Iruraitz-Gauna, Laudio, Gorliz, Gamiz-Fika, Irura, Mendaro, Moreda, Oiartzun eta Usurbil (49.489 herritar guztira).

Hemen zerrenda osoa, lurraldeka:

Araba: Asparrena, Bastida, Berantevilla, Donemiliaga, Erriberabeitia, Iruraiz-Gauna, Guardia, Ekora, Moreda, Oion, Urkabustaiz, Zuia, Agurain, Gasteiz eta Laudio.

Bizkaia: Abadiño, Arrigorriaga, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Berango, Bermeo, Bilbo, Derio, Durango, Erandio, Galdakao, Gernika-Lumo, Getxo, Gorliz, Gueñes, Leioa, Markina-Xemein, Mungia, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sopela, Alonsotegi, Etxebarria, Galdames, Gamiz-Fika, Gatika, Iurreta, Laukiz, Lemoiz, Lezama, Loiu, Plentzia, Sondika, Sopuerta, Urduliz, Zaldibar eta Zamudio.

Gipuzkoa: Andoain, Astigarraga, Azpeitia, Donostia, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Irun, Lasarte-Oria, Legazpi, Lezo, Oiartzun, Orio, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Zumarraga, Aduna, Aia, Anoeta, Aramaio, Irura, Mendaro, Ormaiztegi, Segura, Zerain eta Zizurkil.

Asteartean, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena

Aste garrantzitsua da honakoa Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren inguruan ezarri dituen murrizketa neurriei dagokionez. Astearte honetan, otsailak 9, ostalaritza elkarteek Eusko Jaurlaritzaren neurrien aurka jarri dituzten helegiteen ebazpena emango du EAEko Auzitegi Nagusiak. Ostiralean LABIk bilera egingo du neurriak mantendu edo moldatu erabakitzeko, besteak beste ebazpena jada ezagututa.