argia.eus
INPRIMATU
EAEn ere Osasunean berrordainketa ezartzera derrigortuko du Espainiako Gobernuak
  • Eusko Jaurlaritzatik esana bazuten ere EAEn ez direla ezarriko Espainiako Gobernuak Hezkuntza eta Osasun arloetan egin dituen murrizketak, Rajoyren Gobernuak neurriak hartuko ditu horri buelta emateko. Eusko Jaurlaritzaren erabakia legez kontrakoa dela argudiatuz helegitea aurkeztuko du Konstituzio Auzitegian, ostiral honetan beranduen, eta Auzitegiak helegitea aztertzea onartzearekin jada, berrordainketa automatikoki aplikatuko litzateke EAEn.

2012ko uztailaren 17a
Nafarroako farmazietan uztailaren 1ean hasi zen berrordainketa sistema.

Hilabeteak edo urteak igaro daitezke Konstituzio Epaitegiak arrazoia alde bati edo besteari ematerako, eta beraz, praktikan denbora horretan guztian berrordainketa ezarriko litzateke EAEn. Ondorioz, Hego Euskal Herri osoan jarriko litzateke martxan neurria, Nafarroako Gobernuak hasieratik onartu baitzuen eta pasa den uztailaren 1etik dute abian.

Espainiako Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak 456 sendagairen zerrenda proposatu zuen finantzaketa publikotik kentzeko. Tartean dira, adibidez, eztularekin edota sukarrarekin zerikusia duten botikak. Ana Mato Osasun ministroaren arabera, neurri horrek Osasun Sistema Nazionalean “440 milioi euro aurreztea” eragingo luke.