argia.eus
INPRIMATU
EAEn “burujabetza”?
  • Oraindik ez du Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ikasturte amaierari buruzko zehaztapenik eman. Apirilaren 16an "plan propioa" duela iragarri zuen, eta autonomia erkidegoaren eskumenean jarri zuen azpimarra.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2020ko apirilaren 19a

Adierazpen hauek egin zituen Uriartek, ulertzera emanaz Espainiako Gobernuak planteatutako markoak baino zorrotzago jokatuko duela Jaurlaritzak ikasleak ebaluatzerako orduan: “Euskadin inork ez du ikasturtea errepikatuko koronabirusagatik, baina horrek ez du esan nahi ikasle guztiek ikasturtea gaindituko dutenik. Ikasturtearen bi heren presentzialki eman dira dagoeneko eta horri gehitu behar zaio hilabeteotako lana. Klaustro bakoitzak, duen esperientzia eta irizpide profesionalarekin, erabakiko du zeinek gainditzen duen eta zeinek ez”. Errepikatzea, dena den, salbuespena izango dela gaineratu zuen.

Ikusteko dago Uriartek egindako adierazpena ahuntzaren gauerdiko eztula izan ote den eta Espainiako Hezkuntza sailak planteatu duen markoan kokatuko den Jaurlaritzak prestatu duen plana, ñabardurak ñabardura, promozioa izanik arau eta ebaluazio irizpideak egokituz. Edo bestela, Espainiak planteatutako markotik kanpoko zerbait ote duen prestatuta Jaurlaritzaren planak, eta hori iragartzeko jotako kukurrukua ote diren Deia egunkarian egindako adierazpen hauek. Hala balitz, EAJk "burujabetza" praktikara eraman dezake justu klase sozial indartsuenen onurarako eta arrakala handitzeko.

Esperotzekoa da hezkuntza eragileen eta eragile sozialen erantzuna piztuko lukeela horrek. Ba ote du Jaurlaritzak gogorik eta indarrik zurrunbilo horretan sartzeko?

EAEn Eskola Kontseiluak ez du prozesuan parte hartu

Esanguratsua da EAEko Eskola Kontseilua ez dela bildu prozesu honetan guztian zehar: Espainiako eta Nafarroako Eskola Kontseiluek aldiz parte hartu dute gobernu horiek egindako prozesuetan eta onartu dituzte gobernu horiek ikasturte bukaerari buruz egin dituzten planteamenduak.