argia.eus
INPRIMATU
EAEn ostegun honetatik aurrera derrigorrezkoa da musukoa jantzita eramatea
  • Nekane Murga Osasun sailburuak eguneroko prentsaurrekoan eman du berria: EAEn ostegunetik bertatik, uztailak 16, derrigorrezkoa izango da musukoa jantzita eramatea gune publiko guztietan, kalean bezala komertzio edo ostatuetan. Nafarroan biharamunean egongo da indarrean neurri bera.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 15a
(Argazkia: Dani Blanco/ARGIA)

Nekane Murgak eguerdi oroko prentsaurrekoan berretsi du atzo iradokitakoa, maskararen erabilera derrigortzea aztertzen ari zela Eusko Jaurlaritza, eta askoren ezusterako 24 orduko epean indarrean jarriko dela iragarri du: EAEn musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da kalean eta espazio publiko itxietan, "pertsonen arteko distantzia edozein izanda ere".

Ostalaritzan, taberna, jatetxe eta elkarte gastronomikoetan musukoa erantzi ahal izango da soilik jan edo edateko unean, beste une orotan jantzida eduki beharko da. Gainera, mahai baten inguruan gehienez ere 10 pertsona egon ahalko dira, barruan bezala kanpoan.

Hondartzetan eta igerilekuetan ere maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da joan-etorrietan, soilik kendu ahal izango da etzatean edo esertzerakoan, eta hau ere pertsonen artean metro eta erdiko tartea gordeta eta maskararik gabeak elkarbizitza unitate bereko pertsonak izatekotan.

Hori guztia EAEn izango da derrigorrezkoa eta Nafarroan antzeko araua izango da indarrean biharamunean.