argia.eus
INPRIMATU
EAEn berrikusi diren lan-kontratuen %44tan iruzurra aurkitu du Jaurlaritzak
  • Maria Jesús San José Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailburuak emandako datuen arabera, iaz EAEn egindako 7.860 kontratutan legeari iruzur egin ziotela atzeman dute. Kontratu horiek legea betetzeko eraldatu egin behar izan ziren.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 20a
Asteazken honetan eman ditu datuak Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailak (argazkia: Irekia).

Guztira 17.991 kontratu berrikusi zituen Jaurlaritzaren Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak 2018an. Asteazken honetan aurkeztu dute iaz egindako lanari dagokion txostena eta datu esanguratsuak eman ditu.

“8.000 kontratu inguru eraldatu ditugu, guztira ia 18.000 berrikusi ondoren. Alegia, berrikusitako kontratuen % 44k legeari iruzur egiten zioten, eta orain finkoak edo/eta lanaldi osokoak izatera pasa dira. Lau halako handitu dugu aurreko urteko emaitza. 2017an, 2.000 kontratu eraldatu ziren, eta orain, berriz, 8.000”, azaldu du San Josék.

Horretaz gain, iaz 832 arau-hausteren gaineko zigorrak ezarri zituen Laneko Ikuskaritzak, guztira 5,6 milioi eurokoak. %42ko hazkundea da hori Jaurlaritzaren arabera, 2017ko datuekin alderatuta.