argia.eus
INPRIMATU
EAEn %6,5ekoa da eskola-uzte goiztiarra
  • EAEko hezkuntzako sistemaren diagnostikoa aurkeztu du Jaurlaritzak: %6,5ekoa da bertan eskola-uzte goiztiarra, 2 urteko haurren %92,3 eskolatuta dago eta 16 urtez gorako ikasleen %97,9k derrigorrezko hezkuntzaren ondoko ikasketekin jarraitzen du. Pandemiak hezkuntzak izandako eragina ere aztertu du: ikasleen %72,3 desmotibatuago sentitu da ikasteko eta %65,4k uste du bere maila akademikoa jaitsi egin dela.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 29a
Hezkuntza Batzordea, diagnostikoa aurkezten. Argazkia: irekia.eus.

Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskal Hezkuntza Sistemaren Diagnostikoa egin du. Bertan eman dituzten datuen arabera, egun EAEn 1.222 ikastetxe daude, eta 387.000 ikasle inguru (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Helduen Heziketa). Hona hemen diagnostikoa aurkeztean eman dituzten hainbat adierazleren datuak:

Matrikulazioa eta ikasketa mailak

- 2 urteko haurren %92,3 eskolatuta dago eta 3 urteko haurren %99.

- 25 urtetik 64ra bitarteko herritarren %53,4-k goi-mailako ikasketak dituzte.

- 30 eta 34 urte bitarteko biztanleen artean, %59,6k goi-mailako ikasketak ditu. "2020rako Europako helburua %40koa zen", Hezkuntza sailak ohartarazi duenez.

- DBHko graduatuen maila %86koa da.

- 16 urteko ikasleen %97,9k derrigorrezko hezkuntzaren ondoko ikasketekin jarraitzen du.

Eskola-uzte goiztiarra eta ikasturtea errepikatzea

- EAEn %6,5ekoa da eskola-uzte goiztiarra. Jaurlaritzaren hitzetan, "alde handiz, eskola-uzte goiztiarraren tasarik baxuena duen Autonomia Erkidegoa da, Europak (%10,1) zein Estatuak (%16) dituzten portzentajeetatik behera".

- Ikasturtea errepikatu dutenen kopurua DBH-ko 4. mailan %3,9ko da, eta DBHko lehen eta bigarren mailetan %6,2koa.

Hezkuntzara bideratzen diren baliabideak, Jaurlaritzaren arabera

Jaurlaritzaren arabera, "EAEk bere BPGaren %5,14 bideratzen du hezkuntzara, Europako batez bestekoaren gainetik (%4,7). Ikasle bakoitzeko kopurua 6.720 eurokoa da, Estatuko eta gainerako Autonomia Erkidegoetako batez bestekoaz oso gainetik. Zenbateko hori 9.415 eurora igotzen da sare publikoko ikasleen kasuan".

COVID-19aren eragina

Hezkuntza Sailak ISEI/IVEI erakundearen bidez COVID-19ak EAEko Hezkuntza Sisteman izan duen eragina aztertu du, martxoan egindako  Ebaluazio Diagnostikoa baliatuta. Kontuan izan beharrekoa baita aurtengo ikasturtean pandemiak baldintzatu duela presentzialtasuna eta aurreko ikasturteko azken hilabeteetan etxetik jarraitu behar izan zutela ikasleek eskola. Aurreko edizioetan ikastetxe guztiek derrigor egin izan dute Ebaluazio Diagnostikoa baina aurten borondatezkoa izan da eta Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikastetxeen %32,3k eta DBHko 2. mailan gelak dituzten ikastetxeen %40,1ak hartu dute parte.

Hezkuntza sailak azaldu duenez, beste urteetako antzeko datuak jaso dituzte aurten Lehen Hezkuntzako 4. mailan, baina jaitsiera sumatu da DBHko 2. mailan. "Lehen Hezkuntzan, igoera txiki bat hauteman da aztertutako 6 arloetatik 4tan (arloak honako hauek dira: euskararako, gaztelaniarako eta ingeleserako konpetentzia; matematikarako konpetentzia; zientzietarako konpetentzia; eta ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia). DBHn, ia konpetentzia guztietan ikusten da jaitsiera txikia".

Ondorio akademikoez gain, eragin hauek izan ditu pandemiak ikasketa prozesuan:

- Pandemiaren eta haren ondorioen ondorioz, ikasleen %72,3 desmotibatuago sentitu da ikasteko. "Ez nago ikasteko motibatuta" esaldiaren aurrean, %39,6 pixka bat identifikatuta sentitzen da, %19,2 nahiko identifikatuta eta % 13,5 oso identifikatuta.

-   Hiru ikasletik bik (%65,4) euren maila akademikoa jaitsi dela uste dute. %33,9 nahiko edo asko identifikatzen da esaldi honekin: "Nire maila akademikoa jaitsi egin dela konturatu naiz".

-   "Antsietate edota estres handiagoa dut": %28,8 pixka bat identifikatuta sentitzen da, %18,5 nahiko identifikatuta eta beste %18,5 oso identifikatuta.