argia.eus
INPRIMATU
EAEn 27 kasu berri eta Nafarroan 15 utzi ditu azken egunean COVID-19ak
  • Uztailaren 13an, astelehena, EAEn 27 kasu (2 Araban, 11 Bizkaian eta 14 Gipuzkoan) berri utzi ditu koronabirusak eta Nafarroan 15, bi gobernuek zabaldutako informazioen arabera. Hildako berririk ez dela izan esan dute bi iturri ofizialek.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 14a

Osakidetzak egunero argitaratzen duen buletinetik jakin daitekeenez, EAEn astelehenean hauteman  ziren 27 kutsatu berriak honela banatzen dira:

- Araban 2: Gasteizen eta Urkabustaizen bana.

- Bizkaian 11: 5 Bilbon eta bana Derio, Bermeo, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Sopelan.

- Gipuzkoan 14: 6 Tolosan, 2 Andoain eta Getarian eta bana Aizarnazabal, Elgoibar, Hernani eta Irunen.

Bizkaiari dagokionez, test azkarrek 11 positibo eman dituzte Abadiñoko Gestapm lantokiko beharginen artean, baina gaur arte itxaron behar da jakiteko ea horietatik zenbat konfirmatzen dituen kasu aktiboak detektatzen dituen PCR probak.

Gipuzkoan deigarriena Tolosako 6 kutsatuena den arren (10 hiru egunetan), zalaparta piztu dute Getariako positiboek: Eusko Jaurlaritzak bi direla, alkateak gaur hirugarren bat ere badela eta Jaurlaritzak ez diela aski informazio pasatzen...

Nafarroan, berriz, 15 dira astelehenean detektatutako positiboak, horietatik 4 Iruñeko agerraldietako bati lotuak eta beste 2 San Fermin bezperan Iruñean egindako hamaiketako baten harian kutsatuak. Gainerako kutsatuak zein herritakoak diren informaziorik ez da jakin.

Ez Eusko Jaurlaritzak eta ez Nafarroako Gobernuak eman dute heriotza gehiagoren berririk. Hala ere, ikusgai dago Eskoriatzan astelehenean hil zen gizonaren autopsiak zer esaten zuen, hedabideek jakinarazi dutenez COVID-19z kutsatuta etxean berrogeialdian itxita baitzegoen.