argia.eus
INPRIMATU
Joxan Goikoetxea: “EAEn 20.000 lagun daude musika-industriari lotuta”
  • Euskadiko Musikari Elkartuak (EME) elkartea 1995an sortu zen eta 2002ra arte iraun zuen. Ez zuten “elkarte batek behar duen gutxieneko azpiegiturarik” lortu. Orain, hamaika urte ondoren, berriz ere jarri dute martxan. Honen harira, zuzendaritzako kide Joxan Goikoetxea hernaniarra elkarrizketatu zuen atzo Diario Vascok.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko martxoaren 04a
Euskadiko Musikari Elkartuak taldearen aurkezpena. Eserita daudenen artean eskumako lehena da Goikoetxea.

“Orain halako hots bat zabaldu da: musika industria bat badugula” dio Goikoetxeak elkartearen berpiztearen arrazoia galdetu diotenean. “Kalkulatzen da, Jaurlaritzak emandako datuen arabera, EAEn gutxi gora behera 20.000 pertsona daudela musika-industria horri lotuta, eta Barne produktu Gordinaren %4a dela.” Jaurlaritzak laguntza agindu diela ere adierazi du.

Duela hainbat urtetik martxan dagoen Aktoreen Batasunarekin konparatuz, musikarien kolektiboa heterogeneoagoa eta ezegonkorragoa dela dio Goikoetxeak, batez ere lan baldintzetan. “Lehengo abenduan, Durangon, ia berrehun disko berri jarri ziren salgai, baina horietatik erdia baino gehiago auto-ekoizpenak ziren. Derrigortu egin gaituzte produktore izatera, manager izatera”.

“Gizakion espeziea ahula zenez, gizabanakoek bat egin behar izan zuten, animalia handiei aurre egin ahal izateko. Hori gertatu zaigu ere musikarioi. Teoria antropologikoek diotenez, gainera, musika hitza baino lehenagokoa da, eta taldean egingo zuten musika ere garai hartan. Bestalde, gu elkarte honetan ez gara sartzen egoeraren aurrean protesta egiteko; sortzeko ere bai”.

Krisia dela eta, azken urteotan musikari batzuek ere utzi diote jendaurrean jarduteari. Baina egoera horren aurrean ez da oso pesimista agertzen Goikoetxea. “Batzuek oraindik eskolak ematen jarraitzea lortu dute hala ere. Egoera zailek bultza egin behar gaituzte batzera, elkartzera; eta hau da egoera horietako bat. Esan bezala, aspaldiko gizakiek bat egin zuten indartsuago izateko”.

Bestalde, Goikoetxeak aurreratu du beste hainbat musikarirekin batera parte hartu duen Sortuko dira Besteak ikuskizunari buruzko dokumentala egingo dutela.