15 urtetik beherako 16.000 ume inguruk elikadura gabeziak sufritzen dituela salatu du Barakaldon Berri-Otxoak bazterkeria sozialaren aurkako eta eskubide sozialen aldeko plataformak.
Ikasturte hasierarekin bat eginez, ekintza egin dute herrian plataformako hainbat kidek: haur parke baten ondoan ikasmahaiak atera eta horietan plater hutsak jarri dituzte. Langabetu askoren seme-alabek Udalaren haur eskoletan bizi duten bazterkeria ere salatu dute ekintzarekin.
Arartekoak 2014ean argitaratu zuen haurren elikadura-arazoen inguruko txostena. Bertan azpimarratu zuten elikadura arazoek okerrera egiten dutela udako sasoian, ikasturtearen amaierarekin eskolak eta jantoki sozialak ixten dituztelako.
Udako oporraldian haurren elikadura beharrak aseko dituen zerbitzuaren eskaera urteetan egin dute Berri-Otxoak taldetik, eta Barakaldoko alkatearen programa politikoan honelako zentro baten proposamena egin bazuten ere, proiektua ez dute martxan jarri oraindik.
Murrizketek eta laguntza ekonomikoen izozteak egoera are zailago egiten dutela ohartarazi dute taldetik.