argia.eus
INPRIMATU
EAEko zahar etxeetan astean gutxienez lau irteera eta bi bisita baimenduko dituzte
  • Aldundiek eta Osasun sailak osatutako EAEko covid-19aren koordinaziorako erakundeak martxoaren 1ean adostu du erresidentzietako neurriak malgutzea, egoiliarren eta langileen txertaketa prozesua amaitu ostean. Astean gutxienez lau irteera eta bi bisita jaso ahalko dituzte: bisitetan bi pertsonak joan ahalko dute aldi berean, eta beti ez dute pertsona berak izan beharko. Neurriak bertan behera geratuko dira udalerria gorrian sartuz gero. Arabak eta Gipuzkoak gaurtik aurrera jarriko dituzte neurri berriak martxan.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 02a

EITBk emandako informazioaren arabera, EAEko erresidentzietan COVID-19aren aurkako neurriak arinduko dituzte eta protokoloa berria adostu dute. Orain arte, soilik Bizkaiko erresidentzietan arindu zituzten prebentzio neurriak, astean senideen hiru bisita eta bi paseo baimenduta. LABIren ostiraleko bileran aurkeztuko dute protokolo berri hau, honek berretsi dezan. Baina Gipuzkoak eta Arabak gaurtik aurrera jarriko dituzte martxan neurri berriak.

Astean bi bisita gutxienez

Adostu berri duten protokoloaren arabera, gutxienez bi bisita jaso ahalko dituzte zaharrek. Bisitetan bi pertsona joan ahalko dira aldi berean, eta ez dute zertan beti pertsona berberak izan. Zentro bakoitzak maiztasunak eta bisiten aniztasuna erabakitzeko aukera izango du, "egoiliar bakoitzaren egoera pertsonalaren eta antolakuntza baliabideen arabera".

Baina protokolo berri hau ez da martxan egongo zahar etxea dagoen udalerria eremu gorrian sartuz gero, hau da, 100.000 biztanleko intzidentzia 500dik gorakoa bada.