argia.eus
INPRIMATU
EAEko unibertsitateek aurrez aurreko irakaskuntza indartzearen apustua egin dute datorren ikasturterako
  • EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko errektoreak Hezkuntza sailburuarekin eta Unibasq-ekin bildu dira apirilaren 12an. 2021-2022 ikasturtean aurrez aurreko ikaskuntza-eredua lehenetsi eta digitalizazio prozesuak indartzeko helburua erakutsi dute. 

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko apirilaren 13a
Astelehenean Euskal Herriko hiru unibertsitateetako errektoreak, hezkuntza sailburua eta Unibasq-ek egindako bilera. Argazkia: Irekia

Jokin Bildarratz, EAEko Hezkuntza sailburua Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitateetako errektoreekin elkartu da astelehenean: Eva Ferreira EHUko errektorearekin, Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektorearekin eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitatekoarekin. Bileran duela urtebete hartutako erabakien balantzea egin dute eta datozen hilabeteetarako lehentasunak zehaztu dituzte. 

Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek eta Unibasq-ek epe labur eta ertainean izango dituzten lehentasunak erabaki dituzte. Aurtengo ikasturtea aurrez aurreko prestakuntza egokituan bukatzea espero dute, urrutiko eta aurrez-aurreko metodologiak uztartuta. Datorren ikasturtera begira, aurrez aurreko prestakuntza-eredua lehenetsi eta digitalizazio prozesua sendotzea hartu dteu helburu. Bestalde, zailtasunak dituzten ikasleen gaia ere mahai gainean jarri dute, eta helburutzat jarri dute arreta berezia eskaintzea hauei, bizi dituzten zailtasunen jatorria anitza izanik ere: zailtasunak sozioekonomikoak, teknologikoak edo bestelakoak.