argia.eus
INPRIMATU
EAEko Trans Legearen erreforma onartu dute
  • Osasunean, hezkuntzan eta lan eremuan eragingo du erreformak, eta pertsona ez binarioak eta intersexualak kontuan hartuko ditu.

Olaia L. Garaialde 2024ko otsailaren 15a

EAEko Trans Legearen erreforma bozkatuko dute otsailaren 15ean Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Azkeneko bozkaketan EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU alde agertu ziren, eta PP aurka. 2019. urtean egin zen lehenengo erreforma, eta orduan, despatologizazioaren aurkako neurriak hartu zituzten. Oraingoan, bide horretatik jarraituta trans pertsonen eskubideak babesteko zenbait aldaketa eginen dituzte osasunean, hezkuntzan eta lan eremuan.

Azken erreformak EH Bilduk egindako ekarpenak jasotzen ditu, eta orain arte ez bezala pertsona intersexualak eta ez binarioak hartzen ditu kontuan. “Orain arte ikuspegia oso binarista zen, eta horrekin pixka bat apurtzea lortu dugu”, esan du Ikoitz Arrasek, EH Bilduko parlamentariak.

Osasunari dagokionez, Osakidetzak pertsona transak artatzeko zerbitzu espezifikoak jarri beharko ditu; gutxienez lurralde bakoitzeko bat. Lehen arretan egonen dira zerbitzuak, eta helburua eta betebeharra da arreta osoa eta egokia jasotzeko eskubidea bermatzea. Momentuz, soilik Gurutzetako Ospitaleko Genero Identitatearen Unitatea dago Bizkaian.

Adingabekoen osasun eskubideetan ere eragina izanen du legeak. Izan ere, medikuan guraso edo tutoreen eta adingabearen artean desadostasunak egotekotan, gizarte zerbitzuek esku hartzeko aukera izanen dute. Legea onartu ezean, bide judizialetik jo beharko lukete.

Hezkuntza arloan, trans pertsonak dauden ikastetxeetan, formakuntza eta aholkularitza jasoko dute hezkuntzako kideek. Horrekin batera, uniformea derrigorrezkoa den zentroetan ikasleek eskubidea izanen dute euren identitatearekin bat datorren uniformea janzteko.

Lan esparruan diskriminazioaren aurkako planak ezarriko dituzte. Horrez gain, EH Bilduk proposatu du lan hitzarmenetan bazterketaren kontrako klausulak jartzea.

Hizkeran ere aldaketak eginen dituzte; esate baterako, transexual edo transgenero hitzak erabili ordez, pertsona trans erabiltzeko esan dute. Xedea da inklusiboagoa izatea. “Subjektu politikoa aldatzea, trans pertsonei aitortza politikoa egitea da”, esan du Arresek.