argia.eus
INPRIMATU
EAEko sektore publikoko greba egunaren baitan mobilizazio ugari
  • ELA, LAB, CCOO, ESK, SATSE eta Steilas sindikatuek greba eguna antolatu dute apirilaren 22 honetarako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publiko guztian. Manifestazioak abiaturik dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko apirilaren 22a
Kalitatezko sektore publiko baten aldeko mobilizazio eguna dute EAEn (Argazkia: Steilas)

Kalitatezko zerbitzu publikoak segurtatzeko gisan, lantaldeak egonkortzea eskatzeko eta gehiegizko behin-behinekotasun tasak salatzeko dira greban gaur Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoko langileak. Karia horretara, abiatu dituzte manifestazioak Donostian, Bilbon eta Gasteizen:

 

Greba mugimenduak "jarraipen zabala" duela zehaztera eman dute sindikatuek. "Enplegu publikoaren behin-behinekotasunaren arazo larriaren eta lanpostu publikoen suntsiketaren aurrean" premiazko neurriak har ditzala eskatzen diote ELA, LAB, CCOO, ESK, SATSE eta Steilas sindikatuek Eusko Jaurlaritzari. CNT sindikatuak ere mezu bera zabaltzen du, grebara deituz: "Bada garaia sektore publikoko prekarietatearekin amaitu behar dugula argi uzteko". Mobilizazio nagusiak 11:30ean izanen dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Sindikatuek deitoratu dute greba egun honen baitan Eusko Jaurlaritzak "inoizko gutxieneko zerbitzu handienak" ezarri izana. COVID-19aren birusa "aitzakia bihurturik" greba eskubidea urratu izana salaturik, Gutxieneko Zerbitzuen Aginduaren aurka dagokion errekurtsoa jarriko dute sindikatuek.

%38,7 dira behin-behinkekotasunean EAEn

Lan eremuaren malgutasuna eta honek dakarren prekaritatea dira neoliberalismoak ezinbesteko dituen bi osagai, definizioz sektore publikoarekin bat ez doazenak. EAEn ere hori errealitate dugu: publikoko langileen behin-behinekotasuna %38,7koa, arloka ezberdintasun handiak dituztelarik: %58 dira Osakidetzan, %56 administrazio orokorrean, %48 hezkuntzan, %44 Justizian, %30 udaltzainen artean eta Ertzaintzan adibidez ez da behin-behinekorik. Gainera, egoera prekario honek denboran irauten du, jakinik –beti ere sindikatuek emandako zifreen arabera– behin-behinekoen %50 inguru bost urtetik gora daramatela egoera honetan. Beste behin ere emakumeak dira gehien hunkiak: hamar langiletik zazpi emakumeak dira.

Europar Batasunak ere dio behin-behinekotasunarekin bukatu behar dela. Are gehiago, Europako Justizia Auzitegiak ere "administrazioen gehiegikeriak" salatu izan ditu. Zehazkiago,1999ko zuzentarau batek dio konponbide bat eman behar zaiola behin-behinekotasunaren gehiegizko erabilerari. Espainiako Gobernuak ez du zuzentaraua oraindik bere egin eta Bruselaren partetik ere jasotzen ditu zuzentaraua errespetatzeko eskaerak.

Eusko Jaurlaritzak iragarririk du ondoko lau urteetan 10.000 lanpostutarako eskaintza publikoa eginen duela, eta horrez gain, behin behinekotasuna murrizteko proposamen bat ere egina du, Kidego eta Eskalen legearen erreformarako egitasmoan. Egindako kritiken aitzinean, Espainiako Gobernuak Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua erreformatzeko aukera zabaldu du eta horrek ukanen luke eragina EAEn ere, honen menpe daudelako erkidegoetako legeak. Oraingoz, ezer ez dutenez definiturik eta erabakirik, presionatzeko tresnatzat dute gaurko greba eguna langile-sindikatuek.

Arazo bera Nafarroan ere

Greba eguna ez badute ere, errealitate bera dute Nafarroako administrazioetan ere: "Enpleguaren egoera gero eta kezkagarriagoa da Nafarroako administrazioetan. Enpleguaren suntsitzea, ezegonkortasuna eta enplegu publikoa sortzeko borondate eza sintoma gero eta larriagoak dira, eta eragin negatiboa dute langile publikoen lan-baldintzetan. Zerbitzu publikoak modu kontzientean ahultzen ari dira urteetan zehar gobernuak. Hala, zenbagaitzak dira pribatizatuak izan diren zerbitzu publikoak. Administrazio guztietan dauden behin-behinekotasun mailak onartezinak dira", ELA, Steilas eta ESK sindikatuek apirilaren 21ean egindako irakurketaren arabera.

Dena dela, joera liberala orokorturik da eta Ipar Euskal Herrian ere mobilizatu ohi dira kalitatezko zerbitzu publiko baten alde.