argia.eus
INPRIMATU
EAEko Podemosek Felipe González ikertzea eskatu du, Madrilgo zuzendaritzak esandakotik aldenduta
  • Unidas Podemoseko bozeramailearen arabera, koalizioak ezezko botoa emango dio estatu terrorismoari buruzko ikerketa batzordeari. Horrek EAEko Podemosen kontrako erreakzioa eragin du.

     

Mikel Eizagirre 2020ko ekainaren 19a

Pablo Echenique Unidas Podemoseko bozeramaileak ekainaren 18ko goizean Espainiako Diputatuen Kongresuan egindako adierazpenen arabera, ez da beharrezkoa GALen ikerketa batzordea eratzea, "jende guztiak baitaki zer gertatu zen”. Alderdiak EAEn duen ordezkaritzak adierazpen horiek deitoratu ditu ordea. Ezker Anitza-IUk eta Ahal Dugu Podemosek agiri bateratua kaleratu dute, Echeniqueren hitzak kritikatu eta "GALen biktimen egia, justizia eta erreparazioa" defendatu behar direla berretsiz. Horrez gain, Espainiako Gobernuko presidente ohi Felipe Gonzálezek "GALen duen erantzukizuna argitu dezala" eskatu diote Justiziari.

Bitartean, EH Bilduk, ERCk, JuntsXCatek, EAJk, CUPek eta BNGk ikerketa batzorde bat sortzeko proposamena tramitatu dute, González buru zuten gobernuen eta GALen arteko loturak eta erantzukizunak argitzeko, 1984an PSOEko buruzagia gerra zikinaren arduradun zela zion CIAren informazio desklasifikatuen harira.

Adierazpen kontrajarri hauek Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetatik lau astetara jazo dira. Orain artean kaleratutako inkestek ez dute emaitza onik aurreikusi EAEko Podemosentzat.

Pili Zabalaren mespretxua erabakiarekin aurrean

Joan den legealdian Ahal Duguko lehendakarigai izan zenak ostegun goizean Euskadi Irratian egindako elkarrizketan adierazi duenez, ostegunean deitu zion Pablo Iglesiasi eta adierazi zion Podemosetik aldendu beharra besterik ez zuela, honek Felipe González ikertzeko Kongresuan batzorde bat irekitzeko eskaera sostengatuko ez duela iragarri ondoren, "ezin duela halako mespretxurik jasan".

Pili Zabala GALek 1983n bahitu eta hildako Joxi Zabalaren arreba da eta posizio horretatik galdetu dio Iglesiasi: ¿Non geratzen dira gure eskubideak?". Zabalaren esanetan, Iglesiasek erantzun dio orain ez dela horrelako ekimen bat bideratzeko unea, "ez baita aurrera aterako".