argia.eus
INPRIMATU
EAEko Osasun sailburuak adierazpen polemikoak egin ditu maskaren erabileraz
  • Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du ez duela maskararik erabiltzen eta iradoki du Pedro Sánchez Espainiako presidenteak erabiltzen badu “koronabirusa daukalako” izango dela.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 05a
Nekane Murga EAEko Osasun sailburuak adierazpen polemikoak egin ditu maskaren erabilerari buruz.

El Correo egunkariak igande honetan elkarrizketa egin dio Nekane Murga EAEko Gobernuko Osasun sailburuari. Geroz eta aditu gehiagok gomendatzen duten maskararen erabilerari buruz galdetu diote, besteak beste, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasungintza publikoko arduradun nagusiari.

Zehazki, hau izan da kazetariaren eta sailburuaren arteko iritzi trukea gai horren inguruan:

Egunerokoan maskara erabiltzen duzu?

Ez.

Pedro Sánchezek egiten du.

Koronabirusa edukiko du.

Maskara erabiltzearen aurkako argudio hori Murgak berak lehenago egin izan dituen adierazpenekin kontraesankorra da. Martxoaren 22an, Vocento taldeko beste egunkari batean, osasungintzako langileen artean maskarak erabiltzea lehentasunezko auzitzat jo zuen, adibidez.

Elkarrizketa berean, Murgak azaldu du EAEn kutsatutakoen artean %15 direla gaur egun osasungintzako langileak eta ez du ukatu “momenturen batean materialen banaketarekin problemaren bat” egon dela. Egoera horren ardura Txinako hornitzaileengan jarri du Osasun sailburuak, otsailetik aurrera eskariei ez ziotelako erantzun bere esanetan.

Material faltarekin lotuta, Murgak beste adierazpen deigarri bat ere egin du, kazetariak galdetu dionean ea bera, mediku gisa –Basurtuko ospitalean 25 urtez aritu da lanean– ausartuko ote zen paziente bat intubatzera zelulosazko bata batekin bakarrik babestuta. Honakoa erantzun du: “Bihotza geldituta zeukaten pazienteak erreanimatu ditut aireportu batean materialik gabe. Baina ulertzen dut erabaki indibidual konplexua dela eta ez naiz gai sentitzen epaitzeko uko egin dutenak, baldin badaude”.

Mediku gisa konfinamendua lehenago agindu behar ote zen edo ez galdetu diotenean, Osasun sailburuak, isiltasun luze baten ondoren, esan du bere saila izango zela horrelako neurri baten onuradun nagusia. “Baina kalibre horretako erabaki bat hartzea... Pertsonen osasunean alderdi psikologikoak ere eragiten du, ekonomia ere hor dago. Osasuna ez da kutsatutako jende kopurua bakarrik”.