argia.eus
INPRIMATU
EAEko ordu estren %53 eta Nafarroakoen %27 ez dira ordaintzen
  • CCOOk egindako azterketa batek agerian utzi du hezkuntzan, industrian, ostalaritzan eta merkataritzan ordu estren kopurua nabarmen altua dela, eta enpresek urteko 3.254 milioi euro bereganatzen dituztela ordaindu gabeko ordu gehigarriengatik.

     

Leire Ibar 2024ko urriaren 09a
Artxiboko irudia: Pexels

Sindikatuaren ikerketak azaleratu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ordu estren %53 ez direla ordaintzen eta Nafarroan %27. “Lan esplotazio” hori hamarkada luzez dirauen arazoa dela nabarmendu du, eta lanaldien erregistroaren antzeko legeak onartu arren, ez direla datuak murriztu.

Azterketaren arabera, Nafarroa da estatuko tasarik baxuena duen erkideagoa. Astero 88.419 aparteko ordu egiten dira, horietatik 23.498 ordaindu gabeak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako egoera “are kezkagarriagoa” da, ordu estren erdiak baino gehiago ez direlako ordaintzen.  Espainiako Estatistika Institutuaren arabera estatuan 419.000 langilek ordaindu gabeko ordu estrak egiten dituzte, astero batez beste 2,6 milioi ordu.

Kalte handia

Ordaindu gabeko orduek “kalte ekonomiko handia” sortzen dutela esan du CCOOk: “Ordaintzen ez diren orduen balio ekonomikoa enpresak bereganatzen du. Diru publikoa murrizten da, hala nola kotizazioak, PFEZa eta kontsumo gaien gaineko zerga". Kalte negatiboa eragiteaz gain, “iruzurra” dela salatu du, bai gizarteari bai eta langileei ere. Gaineratu du ordaindu gabeko orduekin 70.000 lanpostu sortu daitezkeela.

Horren aurrean, CCOOk lanorduen erregistroaren arauak betetzeko ardura har dezatela eskatu die enpresei. Gainera, Lan Ikuskaritzaren eginkizuna indartzea eskatu dute, araudia betetzen ez duten enpresak zigortzeko.