argia.eus
INPRIMATU
EAEko nekazaritza lurren %5ak soilik dauka ziurtagiri ekologikoa
  • Gorantz egiten ari da nekazaritza ekologikoko eredua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Ekolurra Kontseiluak baieztatu duenez, baina Europako Itun Berdeak 2030erako helburutzat duen %25etik urrun dago oraindik.

Leire Artola Arin 2024ko martxoaren 14a
Kontseilua berritu du Ekolurrak, eta Judit Gartzia izango da lehendakari datozen lau urteetan. / Argazkia: Ekolurra.

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK), Ekolurrak, ohartarazi du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako nekazaritza ereduak “ekologikoranzko bilakaera nabarmena” eman behar duela datozen sei urteetan, Europako Itun Berdearen “Baserritik mahaira” helburua betetzeko. 2030ean lurren %25 ekologikoan produzitzea da erronka, baina EAEn gaur egun %5 besterik ez daude hala erroldatuta, Ekolurrak baieztatu duenez.

Helburua lortzeko agroekologia sustatzen jarraitzeko beharra nabarmendu dute, “bertoko ekoizpen ezaugarrietara egokituta” dagoen eredua, alegia. Kontsumitzaileengana heltzeko bideak erraztu beharra ere aipatu dute, eta ekoizleentzako “merkaturatze modu duinenak indartzea”. Ekolurrak dio herritarrak kontzientziatuta daudela ekologiari, osasunari eta ondo elikatzeari dagokionez, baina “ekintza” falta dela: “Erronka da bertoko elikagai ekologikoak aurkitu eta erostea”.

51 ekoizle berri ekologikoan

2023an Ekolurrak EAEko beste 1.668 hektarea ziurtatu zituen eredu ekologikoan, eta orotara 10.772 hektarea daude ekologikoan izena emanda. Azaleraren %55 Araban dago, Gipuzkoan %24,5 eta Bizkaian apalena, %20,5, baina Ekolurrak nabarmendu du hor %29 hazi dela 2023an, abeltzaintza-jardueren izen-ematearen eraginez. Ekoizleei dagokienez, Ekolurrak jakinarazi du 51 eragile berrik eman dutela izena, eta bi datu azpimarratu ditu: 51 horietatik %80 lehen eredu industrialean ari ziren eta ekologikorantz egin dute trantsizioa; eta %35 45 urte baino gutxiagoko ekoizleak dira.

Kontseilu berria eratuta

Otsailaren 22 eta 23an Ekolurraren batzorde zaharraren eta berriaren arteko transmisioa egiteko jardunaldiak egin zituzten, Amorebieta-Etxanoko egoitzan. Bertan elkartu ziren otsailaren 5ean datozen lau urteetarako hautatutako Ekolurrako ordezkari berriak: Judit Gartzia lehendakaria, Garikoitz Aiesta lehendakariordea, baita elikadura ekologikoan jarduten duten azpisektoreetako lau ekoizle, eraldaketa eta merkaturatzeko beste lau kide, eta kontsumitzaileen ordezkari bat ere. ENEEKen parte dira, halaber, Eusko Jaurlaritza eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.