argia.eus
INPRIMATU
Liburu denden %13a ixteko arriskuan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Jaurlaritzaren laguntzarik jaso ezean
  • Euskal kulturako editoreak kexu agertu dira Eusko Jaurlaritzak industriarako diru-laguntzarik iragarri ez duelako. Euskal Autonomia Erkidegoko liburu dendetako langileen %95a ERTEan dagoela jakinarazi dute, eta kulturgileentzako eskainitako laguntzak industriara ere bideratzen ez badituzte egoera berean egongo direla adierazi dute.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 17a
Liburu denda bateko argazkia. Argazkia: Público.

“Beste behin ere gutaz ahaztu dira”, esan du Jose Manuel Diaz Euskadiko Editoreen Gremioko zuzendariak. “Haserre” azaldu dira Eusko Jaurlaritzako enplegu eta politika sozialetako zein kultura eta hizkuntza politikako sailburuek liburugintza eta editoreen industriarako laguntzarik iragarri ez dutelako.

Era berean, kulturgileei emandako laguntzak babestu ditu, “diru-sarrerarik ez duten autore eta sortzaileek geldialdian bizirautea” ahalbidetzen duelako. Baina industria babesten duten neurriak ahaztu dituztela dio, eta industria babesten ez badute autoreek ez dutela lan hori non sortu eta zabaldu izango.

EAEko liburu denden %13ak atea ixtea aurreikusten dutela esan du, eta neurririk hartu ezean kopuru hori hazi egingo dela. Hori horrela Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako kultura kontseilari ordeari sektorea indartzeko neurriak proposatu dizkietela adierazi du. Alde batetik sektorean dirua sartzea proposatu dute, laguntza, kreditu eta pizgarri bidez.

Bestalde, liburu dendetako kontsumoa bultzatzeko ere eskatu diote Eusko Jaurlaritzari: liburutegi publikoek bertatik erostea sustatzea 2,5 milioi euroko laguntzekin eta publiko orokorrari bonoak banatzea kontsumoa bultzatzeko. Bono horientzako aurrekontua milioi bat eurokoa izatea eskatu dute.

Hezkuntza sailari eskolarako euskarazko liburuak editatzeko diru-laguntzak ere eskatu dizkiete, liburu denda askok ezinbestekoa baitute testu liburuak saltzea negozioa mantendu ahal izateko.

Jaurlaritzatik erantzun askorik ez momentuz

Jaurlaritzak emandako erantzun bakarra liburutegi publikoek erositako liburuentzako aurrekontua %14 handitzea izan dela adierazi du Diazek. Gainontzeko neurriei dagokionez, baita hezkuntza sailari eskatutakoei dagokionez ere, ez dute erantzunik jaso oraindik.