argia.eus
INPRIMATU
Lanpostuen erdiak ez du euskara eskakizunik EAEko Lanbide Heziketako irakasleak egonkortzeko lehiaketan
  • EAEko Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kontsolidaziorako meritu-lehiaketan, lanpostuen erdia euskara eskakizunik gabe atera du Eusko Jaurlaritzak, eta helegitea jarri du LAB sindikatuak, lanpostu denetan euskara eskatu dadin.

ARGIA @argia 2022ko abenduaren 06a

Gauza jakina da euskarak bide luzea duela oraindik egiteko Lanbide Heziketan. Sindikatuak salatu duenez, Lanbide Heziketako eskaintza publikoan ez dira betetzen Lanbide Heziketako Legeak jasotzen dituen euskara bermatzeko artikuluak, eta lanpostua egonkortzeko lehiaketan euskara guztiei eskatzea eremu hau euskalduntzeko beharrezko pausoa dela iritzi dio.

“Jaurlaritzak argitaraturiko Lanbide Heziketako planetan ez da jasotzen euskara indartzeko estrategiarik eta A ereduko eskaintza da nagusi hein handi-handi batean”, gogoratu du LABek.

"Irakasle euskaldunen bazterketa"

Sindikatuaren hitzetan, irakasle euskaldunen bazterketa ematen da, karrerako funtzionarioen kasuan gaztelaniaz gain euskaraz dakiten eta beraz 2. Hizkuntza Eskakizuneko plazetan dauden irakasleak “bigarren mailako irakasleak” direlako, soilik gaztelaniaz dakiten eta beraz 1. Hizkuntza Eskakizuna dutenen aurrean. Lehenengoei, eskolak euskaraz zein gaztelaniaz eman ditzaketen arren, “aurten gauzatuko den lekualdatze-lehiaketan bakante horiek momentuz ez zaizkie eskaini, ezkutuan utzi eta irakasle ez-euskaldunei soilik gordetzeko”.