EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du UGT sindikatuak Euskotreneko egonkortze prozesuko euskara eskakizunen aurka egindako eskaera. UGT sindikatuak horren aurka eskaria egin zuen eta epaileak azpimarratu du eskakizunak UGTk berak sinatutako lan-hitzarmenean onetsita daudela, eta, beraz, ez duela demanda aurkezteko eskubiderik.
Euskotreneko Hitzarmen Kolektiboaren 50. artikuluak zehazten ditu hizkuntza eskakizunak, eta horren arabera, hautaketa probetan euskarazko B2 maila eskatzea beharrezkoa da. Epaileak azpimarratu du, euskara eskakizunak, hitzarmenarekin eta enpresaren onartutako euskara planarekin bat datozela.
ELA sindikatuak erabakia txalotu du, uste baitu UGTk hizkuntza eskakizunen auzian izan duen “inboluzioa” agerian geratu dela. ELAk negoziazio kolektiboa hizkuntza eskubideak bermatzeko tresna gisa ikusten du eta konpromisoa hartu du Euskotrenen eta sektore publikoan euskara planak indartzeko.
ELAk ohar batean adierazi duenez, epai honek argi uzten du UGT bera Euskotreneko hitzarmenaren sinatzaile dela, eta, beraz, onetsitako irizpideak errespetatu behar dituela. Horrela, ELAk euskararen normalizazioa eta lan ingurunean euskararen presentzia indartzea defendatzen jarraituko duela berretsi du, ''gizartean hizkuntza eskubideak bermatuz''.