argia.eus
INPRIMATU
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du Uliako parkean 70 etxebizitza eraikitzeko proiektua
  • Donostiako Udalak 2016ko uztailaren 21ean onartu zuen Uliako parkean etxebizitzak eraikitzeko proiektua. Uliako Lore Baratzak lan taldeak, eremu publikoaren erabileraren defentsan, helegitea jarri zion udalaren ekimenari, eta arrazoia eman dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Ebazpenak zehazten duenez, funtsezkoa den ingurumen txostenik gabe nahi zituen eraiki 70 etxebizitza Donostiako Udalak.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko urriaren 10
Hilean behin auzolan eguna ospatzen dute Uliako parkean (Argazkia: Uliako Lore Baratzak)

2008an mintegi izatera utzi zion Uliako parkean dagoen etxaldeak. Egoeraren aurrean, bizilagunek elkarbizitzarako gune bat eraikitzeko egitasmoa jarri zuten abian, aisialdi burujabe eta jasangarri bat ardatz hartuta. Balore historiko eta kultural handiko eremutzat jo dute bertako bizilagunek parkea.

2015ean Uliako Auzo Elkarteak parkeko lurren lizentzia lortu zuen, auzotarren esku utziz eremu publikoaren kudeaketa. Lehen unetik, Ulian hiri-nekazaritza eta lorezaintza lantzea izan dute helburu, bizilagunen ongizaterako. 4.226 sinadura lortu zituzten Donostiako Udalaren proiektuari ezetz esateko, eta ordutik hainbat ekitaldi eta proiektu jarri dituzte martxan parkea bizirik mantentzeko.

Ebazpena jakin bezain laster balorazioa egin du Uliako Lore Baratza ekimenak.  Justiziaren erabakia parkea bizirik mantendu, landu, babestu eta gozatu duten bizilagunen meritua dela adierazi du, eta gainontzeko herritarrei dei egin die euren auzoetan proiektuak eraiki eta babestera. Azkenik, epaia onartu eta errekurtsorik ez jartzeko eskatu dio Donostiako Udalari.