argia.eus
INPRIMATU
EAEko justizia administrazioko greba bertan behera utzi dute, akordioa lortu ostean
  • ELAk eta LABek akordioa adostu dute Eusko Jaurlaritzarekin, eta, besteak beste, justiziako gainontzeko langileekin parekatuko dituzte soldatak. Nafarroan grebak aurrera jarraituko du.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 25
Apirilaren 17an hasi zituzten lanuzte mugagabeak Justizia Administrazioko langileek. (Argazkia: LAB)

EAEko justizia administrazioko greba bertan behera utzi dute ELA eta LAB sindikatuek, Eusko Jaurlaritzaren eskaintzaren ondoren. Sindikatuek asteazkenean egin dituzte asanbladak langileei proposamena helarazteko, eta onartu egin dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 2.400 langileri eragingo die akordioak. 

Akordioak sindikatuen aldarrikapen nagusiak jaso ditu. Hasteko, langileen soldatak EAEko Administrazio Orokorreko gainontzeko langileekin parekatuko ditu, eta horrek soldataren %13ko igoera ekarriko du. Akordioa sinatzean handituko dute soldaten erdia, eta gainontzekoa 2024ko urtarrilaren 1ean. Horrez gain, emakumeen aurkako indarkeriaren epaitegietako langileei soldata plus bat aitortuko zaie. Ibilbide profesionalari dagokion sari osagarria ez du jaso negoziazioak, eta aurrerago negoziatuko dutela adostu dute.

Hilabete greban

Apirilaren 17an hasi zituzten hiru orduko lanuzte mugagabeak justizia administrazioko langileek, eta egun osoko greba egin zuten apirilaren 19an. Besteak beste, epaiketa asko bertan behera geratzea ekarri du horrek. ELAk eta LABek salatu zuten hamabi urte zeramatzatela Eusko Jaurlaritzarekin negoziatu nahian.

Lortutako akordioari dagokionez, ELAk adierazi du kolektiboak grebari emandako babesari esker lortu dutela. LAB ere lorpenarekin gustura agertu da, baina adierazi duenez, auzitegi-medikuntzako langileentzat ez dute "aurrerapen nabarmenik" lortu. CCOO, berriz, Jaurlaritzarekin kritiko agertu da, eta salatu du bere greba batzordea kontuan hartu gabe egin dutela akordioa.

Nafarroan aldaketarik ez

Nafarroako justiziako langileek, berriz, grebari eutsiko diote. Deialdia Espainiako Estatu mailan egindakoa da, CCOO, STAJ, UGT eta SCIF sindikatuek deituta. Nafarroan LAB eta APAFNA ere batu dira grebara. Nafarroako Parlamentuan tramitatzen ari diren Antolakuntza Lege Organikoa geldiaraztea eta soldatak igotzea eskatu dute. Sindikatuen arabera, greba "jarraipen zabala" ari da izaten.