argia.eus
INPRIMATU
EAEko jatetxeek hiru astez gorde beharko dituzte bezeroen kontaktu datuak
  • Eusko Jaurlaritzak pandemiari aurre egiteko planean gehitu du neurri berria. Koronabirus kasuren bat egonez gero, osasun zerbitzuek bezeroen datuak eskatu ahal izango dizkiete establezimenduei. 

     

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 13a
Argazkia: Eitb

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako jatetxeek, gutxienez, mahai bakoitzean dagoen pertsona baten kontaktu datuak gorde beharko dituzte hiru astetan zehar. Zerbitzua eman den data eta ordua ere jaso beharko dute establezimenduek, eta osasun zerbitzuek eskatuz gero, datuak luzatu beharko dizkiete. Osasun Sailak pandemiari aurre egiteko protokoloan bildu du eguneraketa, eta koronabirus kasuren bat egonez gero, kutsatuen jarraipena egiteko balioko du. 

Dokumentuan, ostalaritza sektorean ezarrita dauden hainbat neurri ere gogorazi ditu gobernuak —distantziak, aireztapena, edukiera zein itxiera orduak—, eta hainbat aholku luzatu dizkiete erabiltzaileei. Barnealdeetan derrigorrezkoa da musukoa erabiltzea; ez, horrela, kanpoaldean, kutsatzeko arriskua txikiagoa baita. Halere, Jaurlaritzak kanpoko espazioetan 1,5 metroko segurtasun distantzia errespetatzen saiatzeko deia egin du, eta, ahal izanez gero, erretzea ekiditeko gomendatu du. Birusaren zabaltzea gelditzeko, kreditu txartelarekin ordaintzea hobesten dela azaldu dute, kontaktu fisikoa saihesteko, esku-dirua baztertuz.