Batez beste, langileen %60ak egin du bat STEILAS, LAB eta ELA sindikatuek deituriko grebarekin, antolatzaileek dituzten datuen arabera. Hezkuntza Sailak dio irakasleen %38,6 batu dela EAEko Hezkuntza Lege aurreproiektuaren kontrako greba egunera. “Publikoa, euskalduna eta propioa” da mobilizazioetan parte hartzen ari diren lagunen aldarri nagusia.
Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasle, Haurreskolak Partzuergoko langile, eskoletako hezitzaile eta hezkuntza saileko sukaldari eta garbitzaileak daude deituta asteazken honetako grebara. Deialdia jarraipen zabala izaten ari dela eta Bilboko goizeko manifestazioan milaka lagun elkartu direla azpimarratu dute sindikatuek.
Sare publikoa erdigunean
Sindikatuen hitzetan, lege aurreproiektuaren zirriborroak “egungo hezkuntza eredu duala betikotzen du eta ez du gainditze bidean jartzen”. Are gehiago, aurreproiektuan hezkuntzari zein norabide eman nahi zaion ere ez dela jasotzen gehitu du ELAk. Sindikatuen esanetan, “borrokatzen jarraituko dugu sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea lortzeko, sare publikoa baita aukera-berdintasuna, kohesio soziala eta euskalduntze prozesua bermatu behar dituena”.
Segregazioak, inbertsio eta baliabideek, parte-hartzeak, euskalduntzeak… ere izan du lekua greba eguneko aldarrikapenetan. Artikulu honetan xehe jaso ditugu bai aldarrikapenak, bai grebaren bueltan baturiko sentsibilitate ezberdinak, bai egun honetan deituriko mobilizazioak ere.