Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez du ikastetxeetan mugikorren erabilera debekatuko, eta prestakuntza berezia eskainiko die ikastetxeei eta familiei.
Teknologia digitalen erabilera egokia sustatzeko, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeek neurri pedagogikoak hartu beharko dituzte eskoletan telefono mugikorren eta erloju adimendunen erabilera arautzeko. Hala adierazi dute Hezkuntza sailburuorde Begoña Pedrosak eta Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arévalok ostegunean eginiko prentsaurrekoan.
Jarraibide hauek datorren urtea baino lehen Antolakuntza eta Jarduera Araudian (AJA) jaso beharko direla azaldu dute, eta Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa ahalbidetzen duten ikastetxeko publiko zein itundu guztiei zuzenduta daude. Horrez gain, 2024a bukatu orduko, telefonoen erabileraren gaineko “protokolo propioa” izatea exijituko diete EAEko ikastetxe guztiei.
Pedrosak bere gain hartu du gailuen erabilera egokia sustatzearen ardura, eta adierazi du ikastetxeei neurri pedagogikoak hartzeko instrukzioak bidaltzeaz gain, hezkuntza komunitateari formakuntza eskainiko diela: “Eskola eremuan mugikorrak erabiltzeko arauak ezartzea ikastetxearen autonomiaren barruan kokatzen dugu, eta gure eginkizuna izango da lan hori erraztea, adituen bitartez formakuntza sustatuta”.