Klase sozialen erakusgarri dira klase partikularrak, diru gehien duten etxeetako seme-alabak direlako horietara gehien jotzen dutenak, baina joera orokorra da: urteotan hazi egin da klase horietara familiek bideratzen duten dirua. Espainiako Estatuan egindako azterlan baten ondorioak dira.
Diru gehien duten etxeetan ikasleen %60 doa eskolaz kanpoko jarduera horietara eta baliabide gutxien duten etxeetan aldiz, ikasleen %30. Educación en la sombra en España (Itzalpeko hezkuntza Espainian) txostenaren datuak dira, Esade negozio-eskolak kaleratua, Juan Manuel Moreno UNEDeko irakaslearen eta Ángel Martínez ekonomialariaren eskutik. Gedar eta El Salto agerkarietan eman dute azterlanaren berri, besteak beste.
Hizkuntzak eta musika vs errefortzu-klaseak
Eskolaz kanpoko jarduerak ere ezberdinak dira, klase sozialaren arabera. Dirudunek gehiago bidaltzen dituzte seme-alabak hizkuntzak ikastera edota adar artistikoa duten arloetara (musika, dantza…); klase sozial baxuagokoek gehiago jotzen dute ikastetxeko oinarrizko ikasgaiak indartzeko eta berreskuratzeko klase partikularretara (matematika, fisika…). Oro har, hautaturiko jardueren artean, hizkuntzak dira nagusi: klase partikularren gastuaren %46 dira.
Haurra itunpekora edo eskola publikora eraman, ezberdintasuna ere badago: itunpeko familietan handiagoa da klase partikularretara doazen ikasleen proportzioa. Eta aldea nabariagoa da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan.
Klase partikularrak “lehen mailako beharrizana” bihurtu dira etxe askotan, eta egungo lehia akademikoak ere badu zerikusirik
Txostenaren arabera, klase partikularrak “lehen mailako beharrizana” bihurtu dira etxe askotan, eta egungo lehia akademikoak ere badu zerikusirik. Zenbait karreratara sartzeko nota onak nahikoa ez eta primerako notak behar diren garaiotan, lan merkatua lehia basatia bilakatu den garaiotan, klase pribatuetan inbertitzea premiatzat hartzen du familia ugarik.
Kontua da, esan bezala, baliabide gehien dutenek eskurago dutela klase partikularretara jotzeko aukera, eta beraz, tresna segregatzailea direla, Ikasle Abertzaleek egindako galdetegian nabarmendu zutenez: “Hezkuntzako klase arrakala handitzen da, langile klasearen kalitatezko hezkuntzarako aukera are gehiago oztopatuz. Horrek azaltzen du, besteak beste, ikasle txiroenek ikasketak era goiztiarrean uzteko joera”.
Kohesio sozialerako aukera galdua
Esaderen txostenaren arabera, Espainiako Estatuan klase partikularretan gastatzen diren hiru eurotik bi gaitasunak handitzeko eta hobetzeko erabiltzen dira, alegia hizkuntzak, musika, dantza… moduko eskolaz kanpoko jardueretara bideratzen da diru hori. ARGIAn duela gutxi argitaratu genuenez, mota horretako eskolaz kanpoko jardueretan ere segregazioa ematen da haur batzuen eta besteen artean, eta horrek ondorio sozial azpimarragarriak ditu. "Jarduera hauetatik kanpo geratzea ere bada sareak galtzea. Haurrak ez doaz bakarrik futbolera edo balletera, halako baten parte sentitzea funtsezkoa da askorentzat", genioen, eta aldarrikapen batekin hasten genuen erreportajea: “Heziketaren parte direlarik, eskolaz kanpoko jardueretako parte-hartzea demokratizatzea eta unibersalizatzea da herrialde bezala dugun erronka”.