Ikasgelaren batean agerraldia dagoenean, ikastetxeak osasun zentroan abisatu eta ikasleek zuzenean hara jo beharko dute, listu bidezko proba egiteko. Bestalde, Nafarroako ikastetxeetan orain arteko ordutegi jarraitua ikasturte bukaera arte luzatu dute.
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak jakinarazi du EAEko ikastetxeetako COVID-19 protokoloa aldatuko dutela, “baheketak azkartzeko”. Aurrerantzean, ikasgela batean agerraldia dagoenean, ikasleek zuzenean osasun zentrora joan ahal izango dute listu bidezko PCR proba egitera; ez dute aztarnariaren deiaren zain egon beharko. Argitu du horretarako ikastetxeko zuzendaritzak osasun zentroari abisua pasatu beharko diola: “Nork bere kabuz ezin du eskatu listu bidezko testik egitea”. Asteazkeneko Jaurlaritzaren datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 96 ikastetxetako 189 ikasgela daude itxita, koronabirusagatik.
Bestalde, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak erabaki du ikasturte amaierara arte luzatzea ordutegi jarraitua. Nafarroako ikastetxeetan goizez bakarrik izango dituzte eskolak, orain arte bezala. COVID pandemiaren egoera hobetu izan balitz lehengora itzultzeko asmoa adierazi zuen Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak ikasturte hasieran, baina, “bilakaera negatiboa” ikusita, neurria mantentzea adostu dute: “Neurririk egokiena da eskola jardueraren garapenari dagokionez ikastetxeetan ikasleen presentzialtasuna bermatzeko eta COVID-19arekiko segurtasuna mantentzeko”, argudiatu dute ohar batean. Azken datuetan arabera, Nafarroako 52 ikastetxeetan daude ikasgelak itxita, guztira 97.