argia.eus
INPRIMATU
EAEko Hezkuntza Publikoan greba eguna dute gaur
  • ELA, CCOO eta Steilas sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte astearte honetan Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetan, Euskal eskola publikoko lan-baldintzak “hobetzea” helburu izanik. UGT eta LABek ez dute lanuzteekin bat egin. Deitzaileek jakinarazi dute langileen %55 baino gehiagok egin duela bat grebarekin.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko urriaren 24a
Argazkia: ELA Sindikatua

Greba babestu duten langileen kopurua %55 baino altuagoa izateaz gain,  "milaka langilek parte hartu dute EAEko hiru
hiriburuetako manifestazioetan", sindikatuek nabarmendu dutenez. "Hori guztia kontuan hartuta Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan direla: milaka langileri greba eskubidea ukatu zaie, eta greba bera
baldintzatu dute gutxieneko zerbitzuek".

29.000 langile zeuden grebara deituak

Unibertsitateaz kanpoko eta hezkuntza bereziko irakasleak daude deituta gaurko grebara, bai eta sukaldeetako eta garbiketako langileak ere. Mobilizazioak deitu dituzte Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hiriburuetan, zerbitzu publikoak indartu eta lan-baldintzak hobetzea eskatzeko. Sindikatuek adierazi dute deialdi honek “bat egiten duela” EAEko sektore publiko osoan urriaren 25erako eta abenduaren 19rako deitutako bi greba egunekin. UGT eta LABek, ordea, ez dute deialdiarekin bat egin.

Aldarrikapen nagusien artean kokatzen dira langileen lan-karga arintzea –ordutegietan kudeaketa orduak handituta–, egungo ikasleen errealitateari erantzuteko baliabideak ematea eta azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzea –dagoeneko galera hori %20ra iritsi baita–. Horrez gain, lantaldeak gaztetzea, lanpostuak egonkortzea, LEP eredua eguneratzea eta benetako behin behinekotasuna %8ra murriztea dira eskakizunetako batzuk.

Sindikatuek adierazi dute, finean, langileei eta ikastetxeei arreta emateko zerbitzuak “ez duela funtzionatzen”. “Hezkuntza saila bunkerizatu egin da eta albo batera utzi ditu langileak eta ikastetxeak”, azpimarratu dute sindikatuek eginiko agerraldian.

Salatu dute EAEko Hezkuntza Legearen proiektuaren testuinguruan lan baldintzei dagokienez publiko egin diren akordioak “ez direla nahikoak”, eta zehaztasunik ez izateaz gain, aldarrikatzen dituzten edukiei ez dietela erantzunik eman. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskaera garbia egin diote: “bertan behera utz dezatela pribatizatzen eta prekarizatzen duen hezkuntza politika”. Sindikatuen helburua da planteatzen dituzten “hobekuntza” guztiak negoziatzea eta sektoreko hitzarmen berrietan jasotzea.

LABek ez du deialdia babestu

Publiko eginiko ohar baten bitartez adierazi du LABek ez duela “astearteko lanuzteekin bat egingo”. Adierazi du greba deialdi honetan jasotako aldarrikapenak “orokorrak” direla eta urriaren 25erako eta azaroaren 19rako deitutako sektore publikoko aldarrikapenetan txertatuta daudela. Hain justu, horietan jarri ditu “indarrak” LABek.