EAEko irakaskuntza publikoko baldintzak hobetzea helburu izan duten urtebeteko mobilizazioen ostean, LAB, STEILAS, CCOO eta UGTk aurre-akordioa sinatu dute Eusko Jaurlaritzarekin. ELA sindikatuak ez du bat egin aurre-akordioarekin eta mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu du.
Akordioa ona dela eta balorazio positiboa egiten dutela kontatu digute LABetik: "Abiapuntu bat markatzen du eta pozik gaude". STEILAS sindikatuarentzat ere, aurre-akordioak "ahuleziak baditu ere, argi dugu arduragabekeria hutsa litzatekeela langile eta ikastetxe askoren onura dakarten neurriak bertan behera gelditzea".
Neurri horien artean daude, besteak beste, honakoak:
· Bajak ez dira zigortuko.
· Ordezkapenak lehen egunetik beteko dira.
· Haur Hezkuntzako 3 urteko geletan plantillak indartuko dira.
· Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako plantillek baliabide gehigarriak jasoko
dituzte, eta horren ondorioz, egoera zailenean dauden 150 ikastetxe baino gehiagok irakasle-ikasle ratioak hobetuko dituzte.
· 60 urtetik gorako irakasle funtzionario karreradunek heren bateko murrizketa izango dute ordu lektiboetan.
· Familia kontziliaziorako baimen berriak langile guztientzat.
· Ordezkoei jardunaldia osatzea baimenduko zaie (bateragarritasuna).
· Lanbide Heziketan 116 langile gehiago egongo dira, eta euskalduntze planean sakonduko da.
Dena den, bai LABek bai STEILASek adierazi dute negoziatzen jarraituko dutela. LABek nabarmendu du 60 urtetik gorako bitarteko irakasleen kasuan ere jardun murrizketa lortzea dutela helburu nagusietakoa, eta STEILASek aipatu du zehazteko geratu dela, esaterako, geletako ratioa %10 jaistea.
Mobilizazioekin jarraitzen saiatuko da ELA
ELAk ez du aurre-akordioa sinatu, “hezkuntza publikoaren egoera larriari” ez diola erantzuten iritzita. Honakoak aipatu ditu, besteak beste: “Jaurlaritzaren proposamenak behin-behinekotasun tasa % 28an utziko luke legealdiaren amaieran, sindikatuok aldarrikatutako % 6tik urrun”; plantilla handitzeko eskaerari “modu mugatuan” erantzuten dio; “irakasleek %15eko eroste ahalmenaren galera izan dute” eta horri ez zaio konponbiderik ematen, ezta erretirorako pizgarriak berreskuratzeari buruz ere. Hori dela-eta, “ELAk ahalegin guztiak egiten jarraituko du Jaurlaritza gure aldarrikapenei erantzutera behartuko duen mobilizazio dinamika bultzatzeko”.