argia.eus
INPRIMATU
EAEko hezkuntza legearekin kritiko, grebara deitu du Ikasle Abertzaleak-ek
  • EAEn bidean den hezkuntza legeaz gain LOMLOE, unibertsitateen LOSU legea edota Lanbide Heziketari lotutako Plana salatu izan ditu Ikasle Abertzaleak antolakundeak. “Politikarien iruzurrari eta erreformei aurre egiteko” eta “ikasleon arazo errealak gaindituko dituen hezkuntza sistema bat” helburu, grebara deitu dituzte ikasleak urriaren 27an.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 04a
Ikasle greba deitu du IA-k.

Aurreko ikasturtean finkatutako erreforma-legeekin abiatu dute ikasturtea “eta hankaz gora da hezkuntza esparrua”, kritikatu dute. Gogor egin dute, adibidez, Eusko Legebiltzarrean bidea egiten ari den EAEko hezkuntza legearen kontra: “Hezkuntza eredu burgesak bere dituen arazo estrukturalei erantzuteko ezintasuna” egotzi diote legeari eta segregazioan sakontzen duela nabarmendu dute. Inposatutako prozesua izan dela gehitu dute: "Lau alderdi parlamentarioen arteko akordioa izanda, hezkuntza komunitatea osatzen duten beste sektore batzuk guztiz bazter gelditu dira, eta oposiziorako aukera oro neutralizatu da”.

Heziketa edukiz husten ari direla uste du IAk, jakintza garatzearen garrantzia alboratu eta ikastetxeak “diziplinamendurako zentro bilakatzen” ari direla. Egungo hezkuntza ereduak sistema kapitalistari eta lan-indarraren ekoizpenari erantzuten diola iritzita, “lanaren sinplifikazioak heziketa kualifikatuaren beharra gero eta txikiagoa izatea dakar. Horren txikia da edukiaren garrantzia, maiz irakaslearen araberakoa dela irakasgaia gainditzea edo ez”.

Heziketa prozesuaren garestitzea, ikasleen arteko arrakala eta segregazioa ere izan dituzte hizpide. “Hezkuntzarako sarbidea gero eta mugatuagoa da”, ohartarazi dute. Horren aurrean, “guztion esku egongo den eta doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den hezkuntzaren eraikuntzan aurrerapausoak ematea” da bidea, IAren esanetan.

Urriaren 27an, grebara

IAko kideen hitzetan, elite ekonomikoen eta politikari profesionalen esku dago hezkuntza, eta kaleak hartzera deitu ditu Hego Euskal Herriko Bigarren Hezkuntzako ikasleak, “Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu!” lelopean erreforma prozesuaren aurrean antolatzea helburu.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak antolatu dituzte egun horretarako: 11:30ean Donostian eta Gasteizen, eta 12:00etan Iruñean eta Bilbon.