argia.eus
INPRIMATU
EAEko Hezkuntza Legeak “irekitako aukerak baliatzeko” tresna izan nahi duen liburua kaleratu du Hik Hasik
  • EAEko Hezkuntza Legea. Biharamunerako koordenatuak liburua aurkeztu du asteazken honetan Hik Hasi egitasmoak. “Denontzat eta denona izango den hezkuntza sistema publikoa, bateratzailea, soziala eta inklusiboa erdiesteko bidean lege berriak zein aukera irekitzen dituen aztertu dugu, zer aurrerapauso dakartzan eta zer geratzen den egiteko”.

ARGIA @argia 2024ko ekainaren 12a
Irudian, Arantxa Urbe, Ainhoa Azpirotz eta Xabier Sarasua, liburuaren koordinatzaileak, Josi Oiarbiderekin batera. Argazkia: Hik Hasi

Hainbat adituren ekarpenak jasota, “marko berrian irekiko diren aukerak baliatzeko, hausnarketarako tresna eta akuilu” izan nahi duen liburua ondu du Hik Hasik. Asteazken honetan aurkeztu dute, hezkuntzako eta euskalgintzako eragile ugari lagun.

2017an Hik Hasik plazaratu zuen Hezkuntza Proposamena hartu dute abiapuntu. Dokumentu horretan, hezkuntza hobetzeko hamar gako zerrendatu zituzten. Oraingo honetan, hezkuntza munduko hainbat ahots jasotzen ditu Ainhoa Azpirotz, Arantxa Urbe, Xabier Sarasua eta Josi Oiarbidek koordinatutako lanak. Besteak beste, honakoen ekarpenak ditu liburuak: Huheziko Mariam Bilbatua, Olaia Jimenez, Jon Sarasua eta Karmele Perez; EHUko Xabier Aierdi eta Maialen Oiartzun; Iñaki Iurrebaso; GEPS zentroko Xavier Bonal; Iratxe Retolaza; Gotzon Barandiaran eta Nafarroako 0-3 Plataformako Isa Irigibel eta Eider Garde.

Lau ataletan banatzen da liburua. Gobernantza berri bat atalean, Hik Hasik nabarmendu du hezkuntza lege berriaren printzipioetan eta artikuluetan ateak ireki direla udalen eta tokiko administrazioen esku-hartzea ahalbidetzeko. Dagoeneko bide horiek urratu dituzten hainbat esperientzia jaso dituzte: Errenteria-Orereta, Gasteiz, Zaldibia, Lesaka, Baztan, Durango, Bergara eta Eibar.

Euskara euskal hezkuntzan atalean, legeak ezartzen duen helburuan zentratu da Hik Hasi: ikasleek DBH bukatzean gutxienez B2 maila lortu behar dute bi hizkuntza ofizialetan. “Horretarako, legearen markoan ireki diren aukerak garatu eta bermatu behar dira”. Ondo zehaztu behar dira, dio, ebaluazioa, esku-hartzea, neurri zuzentzaileak, ondorioak, formazioa…

Autonomia atalean, Europako hezkuntza sistema publikoetan ikastetxeek duten kudeaketan duten autonomia maila aztertu dute. “Ezagutu ditzagun inguruan ditugun ereduak, ez gaitezen mugatu Frantziako eta Espainiako estatuetako ereduetara”. Legeak sortu duen eta polemika dezente eragin duen Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa begi onez ikusten du Hik Hasik, “titularitate desberdinetako zentroak bat egiteko aukera eskaintzen duelako”. Hala ere, “aurrerapausoa benetan esanguratsua izan dadin hiru baldintza bete beharko lirateke: ikastetxe guztiek eskubide eta betebehar berberak izatea arlo guztietan, Hezkuntza Sailaren, alderdi politikoen eta hezkuntza-eragileen artean adostutako epean; kontrolak arautzea eta ondorioak zehaztea; eta titularitate publikoko eskolentzat hobekuntza plan integrala adostea eta martxan jartzea”.

Ikasleak eta irakasleak laugarren atalean, gako batzuk aurkezten dira haur txikienak (0-3 urtekoak) zein nerabeak erdigunean egon daitezen eta etapa horiek dituzten ezaugarri bereziengatik ikasleak kontuan hartuak izan daitezen. Zuzendaritzatik zuzendaritza-taldeetara gertatzen ari den aldaketa ere jorratu dute.

Legea abiapuntu

“Hik Hasik garbi dauka lanean jarraitu beharko dela, onartu den legea abiapuntu hartuta, legearen aplikazioko prozeduretan eta egikaritzetan hobetu beharrekoak hobetzeko”. Hainbat mugarri ere zerrendatu ditu: Hik Hasiren hitzetan, legeak sareen arteko konfrontazioa eta lehia gainditzeko balio behar du; aztertu behar da legeak zenbateraino ahalbidetuko duen hezkuntza komunitarioa, tokiko kudeaketa, herri mailako sinergiak eta eragileak elkarrekiko konfiantzan lankidetzan aritzea; legeak eskola segregazioari aurre egiten lagundu behar du; belaunaldi berriak euskaldun eleaniztun bilakatzeko balio behar du; eskolaren antolaketa parte-hartzailea izan dadin eragin behar du; eta legeak Euskal Herri osorako izan behar du lagungarri.

* EAEko hezkuntza legea kanalean aurkituko duzu legearen inguruan ARGIAk kaleraturiko guztia.