argia.eus
INPRIMATU
Salatu dute EAEko Hezkuntza itunak ez duela publikoaren aldeko apustua egiten
  • Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak kontzentrazioa egin du legebiltzarraren aurrean. EAJ, PSE, Elkarrekin-Podemos eta EH Bildu alderdiek adostutako aurreakordioaren aurka egin du. Plataformaren ustetan “hezkuntza pribatuaren alde” egiten du testuak, segregazioaren aurkako neurriak ez dira eraginkorrak izango, eta euskaran “atzerapauso nabarmena” ematen du.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 28a
Argazkia: Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma

Legebiltzarrean gaur bildu da Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordea, Hezkuntza ituna onartzeko. Legebiltzar kanpoan dozenaka pertsona batu da Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta, 'Akordio hau ez da hezkuntza publikoak behar duena' lelopean.

Plataformak hainbat kritika egin dizkio itunari. Hasteko, “hezkuntza pribatuaren alde” eta hezkuntza publikoaren “kontra” egiten duela salatu du. “Abiapuntua ‘Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa’ izango da, ikastetxe bakoitzaren titulartasuna lausotzen duen kontzeptua, (...) Bi sareen sistema diskriminatzailea ez da gaindituko ‘Euskal Hezkuntza Zerbitzu publikoa’-ren parte izanik eta baldintza batzuk betez. Titulartasun pribatuko ikastetxeek ez dituzte inoiz baldintza horiek bete. Zergatik pentsatu orain beteko direla? Zer neurri, orain arte egon ez direnak, ezarriko dira bete daitezen?”.

Segregazioa eta euskara

Eskola segregazioaren aurka aurreakordioak jasotzen dituen neurriak ez direla eraginkorrak izango uste du plataformak: “Udal matrikulazio bulegoak ‘familiei matrikulazioa egiten laguntzeko’ izango dira, beraz, ikastetxe pribatuek familiak “filtratzeko” aukera izaten jarraituko dute”, azaldu dute, besteak beste.

Azkenik, euskararen alorrean aurrera egin ordez atzera egin dela azpimarratu dute: “Murgiltze eredua bertan behera geratu daiteke, ikastetxe bakoitzaren esku uzten baita hizkuntza proiektua sortzea”.