EAEko Hezkuntza Lege berriaren abiapuntu izango den hezkuntza hitzarmenaren zirriborroa aurkeztu dute. Sare publiko nahiz itunpeko, “ikastetxeak eskubidez eta betebeharrez parekide” bihurtzea, euskara ardatz izanik testuinguru soziolinguistikoaren araberako hizkuntza proiektuak garatzea eta segregazioari aurre egiteko Tokiko Hezkuntza Kontseiluak sortzea proposatzen du zirriborroak.
Hezkuntza komunitateko eragileen 100 agerraldi entzun dituzte alderdi politikoek, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean. Helburua, Urkulluk udazkenerako iragarri duen EAEko Hezkuntza Lege berriaren oinarriak jartzea, alderdien artean hitzarmen bat adostuz. Hitzarmen horren zirriborroa aurkeztu du Hezkuntza batzordeko buruak, eta pare bat aste izango dituzte alderdiek, euren ekarpenak egiteko.
Euskal Hezkuntza Zerbitzua sortuko da
Sare publikoaren eta itunpekoaren arteko dikotomia gainditzea izan da hasieratik jarritako helburu nagusietakoa. Itunpeko ikastetxeak publifikatu ala betebehar batzuei erantzuten dien ikastetxe oro legean integratu –eta diru publikoz %100 finantzatu–? Bigarrenaren alde egiten du hitzarmenaren zirriborroak, Euskal Hezkuntza Zerbitzua delakoa sortuz: “Euskal Hezkuntza Zerbitzua osatuko dute legeak ezarritako printzipio eta helburuak betetzen dituzten ikastetxeek, legeak ezartzen dizkien konpromiso eta betebeharrak beren gain hartzen dituztenek”, dio. Are, programa-kontratua aipatzen du. “Ikastetxe bakoitzak Hezkuntza Sailarekin adostutako Plan Estrategikoaren jarraibideak burutzeko tresna” izango da programa-kontratua.
Ikastetxe bakoitzaren proiektu edo programa Administrazioak finantzatuta, “doakotasun erreala bermatuko du Eusko Jaurlaritzak, eskolaratze-kuotak desagerraraziz”.
Sistema eleaniztuna
Gaur egun dauden A, B eta D (murgiltze) ereduak gainditzea ere izan da eztabaidagai. Ereduak ez ditu aipatzen dokumentuak, ezta murgiltze ereduaren alde egiten denik ere –hainbatek eskatu moduan–. Horren ordez, euskara ardatz duen sistema eleaniztun bat proposatzen du, helburu garbiarekin: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean bi hizkuntza ofizialak menderatzea, eta gutxienez atzerriko hizkuntza bat behar beste ezagutzea. Hori lortzeko proposamena, “ikastetxe bakoitzaren inguruaren berezitasun soziolinguistikoak kontuan hartuko dituen” proiektu linguistikoak garatzea.
Segregazioari aurre egiteko, tokian tokiko erabakiak
Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren –eta ondorioz legeak zehazturiko eskubide eta betebeharren– barruan egongo diren ikastetxeei hainbat konpromiso eskatuko zaizkie, eta horien artean dago “ikastetxeetako ikasleen arteko desorekak gainditzea”. Eskola-mapa aztertzeko eta egokitzeko beharra nabarmentzen du dokumentuak.
Besteak beste, kogobernantza aipatzen da, udalek izan dezaketen rola eta hezkuntzari lotuta izan ditzaketen eskumenak azpimarratuz, eta aipatzen da udalek bereziki eginkizun sakona hartu dezaketela “matrikulazio prozesuan, onarpen protokoloak familiengana hurbiltzeko, azpiegiturak indartzeko, elkarbizitza sustatzeko, kohesioa bultzatzeko sareak sortu edota elikatzeko, euskararen erabilera sustatzeko eta, azken batean, eskola komunitatea sendotzeko”.
Ildo horretan, Tokiko Eskola Kontseiluak sortzea proposatzen da. Kontseiluari kontsulta egingo zaio honako jardunetan: “Hezkuntza-premiak identifikatzea, eskaintza banatzea eta ikasleak eskolatzeko irizpideak zehaztea, hiri-plangintzatik eratorritakoak barne; hezkuntza-laguntzako behar espezifikoak dituzten ikasleen eskolatze egokia eta orekatua bermatzen laguntzeko jarduerak eta behar diren neurriak hartzea, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste izaera bategatik bereiztea saihesteko; ikastetxeen funtzionamenduari eragiten dioten udal-jarduerak; eta udalerria eremu duten patronatuak, partzuergoak eta hezkuntza-erakundeak eratzea”.
Gaiari lotuta:
Hezkuntza hitzarmenaren inguruan elkarrizketatu berri ditugu Ikoitz Arrese EH Bilduko Hezkuntza idazkaria eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua.
Ikoitz Arrese: "Bi arazo larri irtenbide bidean jarri behar ditu hezkuntza akordioak: euskalduntzea eta segregazioa"
Jokin Bildarratz: "Segregazioa ez da eskolan sortzen"