Greba egin ahal zuen langileen %70 grebara atera dela eta manifestazioetan 17.000 lagun baino gehiagok parte hartu duela nabarmendu dute sindikatuek. Ikasturte segurua eta adostua bermatuko duten neurriak eta baliabideak eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari, beste behin.
Grebara atera direnez gain, zerbitzu minimoetan aritu behar izan dutenak hartu dituzte gogoan sindikatuek: “Zerbitzu minimoak medio ikastetxean geratzera behartuak izan diren langileek ere ozen adierazi dute grebaren aldarriekiko babesa”. Hain zuzen, gutxieneko zerbitzuak igoz greba desaktibatu nahia egotzi diote sindikatuek Jaurlaritzari.
Oztopoak oztopo, grebak “oso babes zabala” izan duela adierazi dute. Hiriburuetako manifestazioetan 17.000 lagun baino gehiago zenbatu dituzte: 8.000 Bilbon, 5.000 Gasteizen eta 4.000 Donostian. Gehitu dutenez, hainbat guraso elkarteek ere parte hartu dute antolaturiko manifestazioetan, berdin ikasle mugimendu ugarik.
Aldarrikapenak
Eskaera zehatzak egin dituzte, gaurko grebaren bidez: “Langile kolektibo guztietan ratioak jaitsi eta plantillak handitzea, garbitzaile, sukaldari, 0-3ko haur hezitzaile, premia berezietako laguntzako espezialista, jangela eta garraioetako begirale zein irakasle izan; protokoloak jasotzen dituen Norberaren Babesarako Ekipamenduak ikastetxeetan lehenbailehen egotea, bereziki gertuko harremana duten premia bereziko espezialista zein hezitzaileen kasuan; geletan pertsonako 3 metro koadro eta 1,5 metroko distantzia egotea, geletan gehienez ere 10-15 ikasle egonik, 0-3 zikloan talde txikiagoak ahalbidetuz; espaziorik ez dagoenez bestelako eraikinak zein espazio naturalak baliatzea; sorturiko arrakala sozioekonomiko, pedagogiko, teknologiko zein euskararekikoa murrizteko neurri eta baliabideak jartzea; ikasle guztientzat jangela zerbitzua bermatzea; curriculumaren egokitzapen eta murriztea ikasleen behar emozionalak ere kontuan hartuz; egoera zaurgarri zein sentikorrean dauden langileak babesteko neurriak ezartzea eta kontziliaziorako baimen ordaindua ematea”.