argia.eus
INPRIMATU
EAEko haurren artean pobrezia bikoiztu egin da hamar urtetan, Save The Childrenen arabera
  • Muturreko pobrezian bizi diren haurren portzentaia % 9koa da Euskal Autonomia Erkidegoan, krisialdiaren aurretik baino bost puntu gehiago. Maila sozialen arteko arrakalak berdin jarraitzen du. Save The Childrenen txosten berriaren datuak dira.  

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko otsailaren 17a
Desheredados txosteneko argazkia

Desheredados izeneko txostenaren arabera, Espainiar Estatuko haurtzaroaren pobrezia datuak Europar Batasuneko okerrenetakoak dira. Espainian herritar aberatsenen irabaziak pobreenen laukoitza dira eta 800.000 haur bizi dira kide guztiak langabezian dauden etxeetan. Diru-sarrera baxuenak dituzten familien egoera bereziki larria da.  

EAEn, berriz, haurrentzako babes soziala Estatuko altuena da: 7.776 euro haur bakoitzeko (Madrilgo erkidegoan, adibidez, 2.791 euro dira). Save The Childrenen arabera, zerbitzu hauek egongo ez balira muturreko pobreziaren indizea bikoiztu egingo litzateke. Halarik ere, txostenak hurrengo baieztapena ekarri du: “Euskadin, pobrezian jaiotzen den haur bat betirako pobre izango da”.

Krisialdiak gizarte sektore ahulenetan eragindako kalteak azpimarratu ditu Save The Childrenek. Biktima nagusiak atzerritarrak eta bakarka ama izatea erabaki duten familietako haurrak dira. Erakundeak hezkuntza publikoan ipini du fokua. Murrizketek ikasle atzerritarren gizarteratze zuzena oztopatu dute eta horrek maila soziokulturalen arteko arrakala handitu du.

Datu hauen aurrean, EAEko Save The Childreneko arduradunak proposatu du egun dauden laguntzak haurtzaroaren ikuspuntutik aztertzea, akatsak identifikatu eta konpontzeko. Baita talde ahulenentzako laguntzak handitzea ere. Azkenik, hezkuntza arloan krisiaren aurretiko inbertsio publikoa berreskuratzea eskatu du.