argia.eus
INPRIMATU
EAEko hamar gaztetik batek poliziaren eraso fisikoren bat jasan du
  • Gizonezkoen %13,5 eta emakumezkoen %6,1 polizia-indarren baten partetik erasotua izan da, Gazteen Euskal Behatokiaren arabera. Aldiz, 19.000 gazte inguruk poliziarekin konfrontazioak izan dituztela kalkulatzen da.

Gedar @GedarLangileKZ 2023ko ekainaren 27a
Argazkia: Cadena Ser

Gazteen Euskal Behatokiak (GEB) biolentziaren auzia jorratzen du Euskadiko gazteek indarkeriari buruz duten pertzepzioa izeneko ikerlanean. Bertan, biolentziak gizartean eta batez ere gazteen artean duen lekuaren inguruko galderak azaltzen dira. "Indarkeria nagusitzen den espazioez", "indarkeria-egoeretan parte hartzeaz edo inoiz pairatu izanaz", "indarkeria-portaeren garapenean eragina izan dezaketen faktoreez" eta, azkenik, "indarkeriaz baliatzea justifikatuko luketen arrazoiez" ere hitz egin zuten gazteek azterlanean. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 15 eta 30 urte arteko 4.918 lagunek erantzun zuten galdetegia 2021ean.

Txostenari begira, emaitzetan azaltzen den elementu bat deigarria da, eta GEBek ez dio inolako arretarik jartzen ondorioetan: indarkeria mota desberdinen zerrenda baten aurrean, gazteen %9,9k ziurtatzen zuten "poliziaren edo bestelako segurtasun-agenteren baten partetik eraso fisikoren bat" jasan izana. Horren arabera, ia hamar gaztetik batek pairatu zuen polizia-indarkeria ordura arte. Gizonezkoen kasuan, proportzioa are altuagoa da, %13,5ekoa. Emakumezkoen artean, berriz, baxuagoa izan zen, %6,1ekoa; baxuagoa, baina ez baxua, jarraian ikusiko ditugun arrazoiengatik.

Generoaren eta tipologiaren arabera
Gizartean aski aitortuta dauden bestelako biolentzia mota batzuk baino ohikoagoa da gazteen aurkako indarkeria poliziala: lagunena (%9,7) eta irakasleena (%5,6), esaterako

GEBen datuetan ikus daitekeenez, batez beste, gizartean aski aitortuta dauden bestelako biolentzia mota batzuk baino ohikoagoa da gazteen aurkako indarkeria poliziala: lagunena (%9,7) eta irakasleena (%5,6), esaterako. Genero maskulinoaren eta femeninoaren datuak bereizita aurkeztuta, poliziaren eraso fisikoak jasan dituzten emakume gazteen %6,1eko proportzio hori altuagoa da irakasleen erasoak (%4) pairatu dituzten emakumeena baino.

Gizonezkoen inguruko datuak oso bestelakoak dira, baina badute zeresana: poliziaren partetik jasandako indarkeria ohikoagoa izan da gurasoen tratu txar psikologikoak (%12,4), lagunen eraso fisikoak (%12,5) eta irakasleenak (%7,2) baino. Are gehiago: indarkeria poliziala jasan duten gizonezkoen ehunekoa gurasoen indarkeria fisikoaren indizearengandik (%15,2) gertu dago.

Biolentziaren legitimazioa

Bestalde, biolentziaren erabileraren inguruan galdetuta, EAEko gazteen %6,2k "noizbait poliziarekin talka bortitzetan parte hartu izana" aitortu zuten; %4,1ek emakumeen kasuan eta %8,3k gizonezkoen artean. Eustatetik 15 eta 30 urte arteko gazteen 2021eko errolda-zifrak eskuan hartuta, kalkula daiteke poliziarekin liskarretan esperientzia zuten gazteak 19.000 inguru zirela EAEn; Ertzaintzako polizia-agente guztiak halako bi baino gehiago. Bestalde, 3,7 puntuko aldea dago poliziaren biolentzia jasan eta haren aurka oldartu direnen artean; hau da, litekeena da poliziaren bortizkeria jasan duten gazteen herenak baino gehiagok agenteak modu aktiboan konfrontatu ez izana.

EAEko gazteen %6,2k "noizbait poliziarekin talka bortitzetan parte hartu izana" aitortu zuten; %4,1ek emakumeen kasuan eta %8,3k gizonezkoen artean

Hori bai, GEBek erakusten duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen %13,2k zilegi ikusten dute biolentziaren erabilera "bidegabekeriaren baten aurrean protesta egiteko edo aldarrikapen-ekintza gisa"; 40.000 gaztek, gutxi gorabehera. Adin horretako emakumeen %10,7k pentsatzen dute hori, eta gizonezkoen %15,6k.

Poliziarekin izandako talketan parte hartu izana aitortzen dutenen %6,2ko proportzioa ikusita, ondorioztatu daiteke protesta-testuinguruetan biolentziaren erabilera justifikatzen dutenen erdiak baino gutxiagok jarri dutela praktikan poliziaren aurkako indarra. Gauzak horrela, poliziarekin izandako liskarrak berez izan daitezkeena baino urriagoak izan direla ondorioztatu daiteke, protesta-ekintzetan biolentzia erabiltzea legitimatzen dutenen proportzioa poliziari benetan aurre egin diotenenaren bikoitza baino gehiago baita.

Hala ere, zifra horiek ez dira bere horretan, aldebakartasunez eta era mekanikoan irakurri behar. Errealitate soziala konplexuagoa da, eta aldagai gehiago ditu: esaterako, gazteen %86,1i, norbere burua defendatzeko zilegi iruditzen zaie biolentziaren erabilera, %77,7k senide zein lagunak defendatzeko eta %71,6k erasotuak izaten ari diren gainontzeko pertsonak defendatzeko.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen %13,2k zilegi ikusten dute biolentziaren erabilera "bidegabekeriaren baten aurrean protesta egiteko edo aldarrikapen-ekintza gisa"

Ezin daiteke zehaztasunez aurreikusi nola jokatuko luketen balore horiek dituzten pertsona guztiek; poliziaren partetik erasotua dena norbera, senide, lagun edo beste pertsona bat baldin bada. Beste hiru gauza nahiko ziurrak dira, ordea: hitzaren eta ekintzaren artean aldea dagoela zentzu guztietan, biolentziaren erabileraren inolako justifikaziorik ikusten ez dutenak %9,6 baino ez direla, eta poliziaren erasoei aurre egitea ohikoena ez den arren, proportzio esanguratsu batek aurre egin ohi diola.

Ondorioak

Gazteen aurkako polizia-erasoen intzidentziaren eta horiek eztabaida publikoan duten presentziaren artean desoreka nabarmen bat dago. Emakumezkoen, gizonezkoen nahiz bien arteko batez bestekoan hauteman denez, zentraltasun publiko handiagoa duten bestelako biolentzia forma batzuk baino ohikoagoa da estatistikoki; edo hiru lurraldeetako gazteek neurri horretan aitortzen dute, behintzat. Beraz, gazteen testigantzetan oinarrituta, ezin daiteke esan haien aurkako biolentzia poliziala "ezohiko" gertakaria denik.

Poliziaren autoritatea zalantzan jartzen duten gazteak eta hari aktiboki aurre egiteko prest daudenak, oro har, gutxiengo bat dira EAEn. Hala ere, hamarretik batek poliziaren erasoren bat jasan duenez, 40.000 gaztek poliziari aurre egitea zilegi ikusten dutenez eta 19.000 inguruk dagoeneko egin dutenez, kontuan hartzeko moduko gutxiengoak dira.