argia.eus
INPRIMATU
EAEko Goi Auzitegiak dio ez duela eskumenik ELAk eta LABek eskatutako kautelazko neurriak aplikatzeko
  • EAEko Goi Auzitegiak bi ebazpen eman ditu ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzaren aurka sartu zuten demanda dela-eta: ebazpen batean Auzitegiak dio ez daukala gaitasunik ELAk eta LABek eskatutako kautelazko neurriak aplikatzeko; izan ere, bi sindikatuok Auzitegiari eskatu zioten funtsezkoak ez diren jarduerei berrekiteko Eusko Jaurlaritzak ateratako "argitzeko oharra"ren eragina geldiaraztea. Beste ebazpenean hiru eguneko epea eman die alderdiei eta Ministeritza Fiskalari alegazioak aurkezteko.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 08a

ELA sindikatuak eman du informazioa bere webgunean.  ELAk eta LAB sindikatuek Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Azpiegitura Sailaren aurka salaketa sartu zuten, oinarrizko eskubideen urraketagatik: osasuna, bizitza eta integritate fisikoa. Salaketan eskatzen zuten Auzitegiak indargabetu zezala funtsezkoak ez diren jarduerei berrekiteko aukera ematen duen Eusko Jaurlaritzaren "argitzeko oharra".

ELAk albistean salatu duenez, "Eusko Jaurlaritzak muturreraino malguagotu zuen oinarrizko zerbitzuaren kontzeptua, Errege Dekretuaren esanahiaren kontra (oinarrizkoak ez diren jarduerak geldiaraztea), eta funtsezkoak ez diren beste zerbitzu eta jarduera industrialak baimenduz (jarduera hauetako beharginak lanpostuan arriskuan jarriz kutsatze-bektore bilakatuze), harik eta alarma egoeraren beraren oinarriak zapuzteraino".

Auzitegiak dio ez duela gaitasunik kautelazko neurri horiek aplikatzeko

Goi Auzitegiak dio ez daukala eskumenik ELAk eta LABek eskatutako kautelazko neurriak aplikatzeko; bi sindikatuok Eusko Jaurlaritzaren "argitzeko oharra"ren eragina geldiaraztea eskatzen zuten, ezetsi aurreko lehen urrats gisa.

ELAk albistean adierazi duenez, "ELAren eta LABen iritziz auzitegi honi badagokio hain erabaki urgente eta beharrezkoa hartzea, areago milaka pertsonaren osasuna eta bizitza arriskuan dagoenean, eta koronabirusaren pandemia mugatzeko ordu bakoitzaren balioa izugarria denean".

ELAk gogorarazi du Nafarroako Lan Arloko Auzitegian ere demanda sartu zutela bi sindikatuek, Maria Chiviteren Gobernuak egindako "argitzeko oharra"ren aurka. Auzitegi horrek oraindik ez du ebazpenik kaleratu.

Hiru eguneko epea ebazteko gaitasunari buruzko alegazioak aurkezteko

Ebazpenetako batean Goi Auzitegiak alderdiei eta Ministeritza Fiskalari hiru eguneko epea ematen die alegazioak aurkez ditzaten Lan Aretoak auzia ezagutu eta ebazteko duen gaitasunari buruz.