argia.eus
INPRIMATU
EAEko gazteen hirutik bat baino ez da independizatzen 35 urte bete aurretik
  • 35 urtetik beherakoen %32,9 baino ez zegoen emantzipatuta 2021ean, EAEn. Beste era batera esanda: hirutik bi gurasoen etxean bizi zen, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren datuen arabera. Azken urteetako joeraren arabera, gero eta beranduago independizatzen dira gazteak, lan prekarietatea eta etxeen prezio garestiak tarteko.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 10
Emantzipazio tasa emakumeen artean gizonen artean baino handiagoa dela nabarmendu du azterketak (Argazkia: iStock)

Correo taldean jorratu dute albistea: lehenengo aldiz, %33aren azpitik kokatu da 35 urte bete aurretik emantzipatuta dauden gazteen kopurua –urtebete lehenago, 2020an, %35,1a zegoen emantzipatuta–. Urtez urteko joera bati erantzuten dio: gero eta beranduago uzten dute seme-alabek gurasoen etxea –2019ak baino ez zuen hautsi joera hori–. Hamarkada bat lehenago, 2010ean, 35 urtetik beherakoen ia erdia independizatuta zegoen: %43,7a.

EAEn, emantzipatzeko batez besteko adina 29,7 urte izan da 2021ean. Emantzipazio tasa emakumeen artean gizonen artean baino handiagoa dela ere nabarmendu du azterketak, “nahiz eta emakumeek lan baldintza okerragoak sufritzen dituzten”.

Arrazoiak, agerikoak

Bizi espektatibetan nagusi diren ziurgabetasuna eta zalantza oztopo inportanteak dira etxebizitza berri baten bila abiatzeko. Lan ezegonkortasuna eta soldata baxuak ere aipatzen ditu Behatokiaren txostenak: 25-29 urte artekoen batez besteko soldata netoa 1.273 eurokoa eta 30-34 urte artekoena 1.558 eurokoa izan da 2021ean. Alegia, “etxebizitza batean sartu ahal izateko behar den diru kopurutik oso urrun, bereziki hiriburuetan edota kostaldeko herrietan”.

Bai alokatzeko, bai erosteko etxebizitzek dituzten “prezio neurrigabeak” ere aipatzen ditu Behatokiak.

Laguntza, beharrezkoa

Azken hiru urteetan, EAEko 4.369 gaztek jo dute Babes Ofizialeko Etxebizitzetara (1.204 alokairuan eta 3.165 erosita). Merkatu libreko alokairua ordaintzeko berriz, 3.777 gaztek jo dute Gaztelagun programara, hilero 300 euroko laguntza emango diena (275 euro iaz arte). Bestelako laguntza bide batzuk ere aipatzen ditu txostenak.