argia.eus
INPRIMATU
EAEko gazteen %18,7 langabezian dagoela salatu du EGK-k
  • Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) EAEko gazteen gaur egungo bizi baldintzak azaldu ditu Eusko Legebiltzarrean. 2017ko lehen hiruhilekoan 24.000 gazte langabezian egon direla eta 42 emakume gaztek indarkeria matxista pairatu dutela esan dute, besteak beste.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 12a

2017ko lehen hiru hilabeteetan 19 eta 24 urte bitarteko gazteen %18,7 langabezian egon dela eta horrek bizi proiektua gauzatzea zailtzen duela salatu du EGK-k. Enpleguaren kalitatea baxua dela eta lanaldi partzialak gora egin duela adierazi dute, bereziki emakume gazteen artean.

EAEko gazteek emantzipatzeko duten oztopoak azpimarratu dituzte EGKko kideek: “18 eta 34 urte bitarteko pertsonek soldaten %63,8 alokairua ordaintzera bideratzen dute, eta 18 eta 24 urte bitartekoek, ordea, %92,3”, azaldu du Maialen Olabe presidenteak. Egoeraren inguruko hausnarketa egiteko eta lanean jarraitzeko eskatu die legebiltzarkideei.

Gazteen arteko indarkeria matxistan ere jarri dute fokua. 2016ko bigarren erdian 42 gazte emakume gaztek erasoak salatu zituztela, erasotzaileen %23a gazteak zirela eta 1/2004 Legeak emakume gazteak gutxiago babesten dituela salatu dute. “Emakume izateagatik jasandako eraso oro ulertu beharko litzateke indarkeria matxista bezala”, aldarrikatu du Olabek.

EGKko kideek 2017ko plangintza aurkeztu dute. Berdintasunaren arloan ahalegin bereziak egingo dituztela ziurtatu dute; RECacciona bideo lehiaketan parte hartu eta udarako kontzientziazio kanpaina prestatuko dute, besteak beste. Horrez gain, aisialdirako hiru gida eta lan baldintza egokien inguruko kanpaina aurkeztuko dituzte. Amaitzeko, elkartearen helburu nagusia zein den gogorarazi dute: gazteen, gazte-elkarteen eta erakundeen arteko zubi lana egitea.