argia.eus
INPRIMATU
EAEko gazteek etorkizunarekiko dituzten aurreikuspenek okerrera egin dute
  • Gazteek egungo egoera eta etorkizuna nola ikusten duten jakiteko, 15-29 urteko EAEko herritarrak galdekatzen ditu urtero Gazteen Euskal Behatokiak, eta azken edizioko emaitzetan nabaria da pandemiaren eragina. Ekonomiari, lanari eta aisiari lotuta, aurreikuspen txarrak egin dituzte gazteek.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 29a
Argazkia: EITB

2021eko abenduan egindako inkestaren emaitzak eman ditu Behatokiak. Bederatzi edizio ditu inkestak, eta gogobetasun pertsonalean emaitzarik txarrenak eman ditu azken honek. Egungo egoeraren balorazioak ere nabarmen egin du behera, gazteen artean.

Lana lortzea, zaila

Enplegua galtzeko edo lan-baldintzek okerrera egiteko gazteek hautematen duten arriskuak 6 puntuko beherakada izan du, aurreko urtearekiko. Enplegua aurkitzeko aurreikuspenak ere behera egin du: 2019ko erantzunekiko, 30 puntu behera.

Gurasoekin bizitzen

Azken boladako aurreikuspenak ez dira asko aldatu emantzipatzeko aukerari dagokionez. Urtebeteko epean beren kontura bizi nahi duten eta hori lortzerik izango ez dutela uste duten gazteen portzentajea %42koa da.

Etorkizunean konfiantzarik ez

Bost urteko epean egoera pertsonalak, gazteen egoerak eta EAEko egoerak izango duten bilakaera oso ezkor ikusten dute gazteek: etorkizunarekiko konfiantza-indizea serieko okerrena izan da.

2021eko abenduan, 15-29 urte arteko 4.356 gazte galdekatu zituen Behatokiak, inkesta bidez. Elkarrizketa sakonak ere egin zizkion hainbat gazteri. Pandemiaren seigarren olatuan murgilduta, horrek emaitzetan eragina izan duela diote txostenaren egileek, ez bakarrik lanarekiko pertzepzioan, baita osasun fisiko eta mentalean eta aisiaren eta gizarte harremanen esparruan ere.