argia.eus
INPRIMATU
EAEko funtzionarioen soldata laugarren urtez izoztu dezake Jaurlaritzak
  • Espainiako Gobernuak funtzionarioen soldatak izoztuko ditu 2014ean. Dirudienez, Eusko Jaurlaritzak ere bide bera hartuko du. Neurria ez ezartzeko “tarte gutxi” duela dio.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko urriaren 02a
Josu Erkoreka. Argazkia:Noticias de Gipuzkoa

2014ean funtzionarioek 2013ko soldata bera izatea erabaki du Mariano Rajoyren Gobernuak, 2014ko aurrekontuen bitartez. Litekeena da Eusko Jaurlaritzak ere neurri bera hartzea, eta aurtengo soldata berberak mantentzea datorren urtean.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak esan du, administrazio publikoek “tarte gutxi” dutela Espainiako Gobernuak hartutako neurria ez ezartzeko. Bide beretik, EAEko erakundeek Espainiako legediaren aurrean, eskumen “murritza” dutela azpimarratu du.

Langile publikoen soldaten izozketa 2014ko aurrokontuetako puntu “oinarrizkoenetako bat” da Erkorekaren ustetan. Haren iritziz, Jaurlaritzak neurriari aurre egitea “benetan zaila” da.

Funtzionarioek hiru urte daramatzate soldata berarekin; datorren urteko izozketa laugarrena izango da. 2012an, Gabonetako saria ere kendu zien Gobernuak. Aurten, ordea, 2013ko aparteko saria mantenduko duela agindu du, baita 2014 urtekoa ere.

Sindikatuak, euskal eragileen pausoen eske

LABek Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari dei egin die, bide propioaren alde egin dezaten eskatuz, “kanpo eraginik” izan gabe. ELAk ere “haien erabakitzeko esparrua defendatzeko” eskatu die bi erakundeei.