Konstituzio Auzitegiak aintzat hartu du Espainiako Gobernuak EAEko frackingaren legeari aurkeztutako helegitea, eta ondorioz behin-behinean bertan behera utzi ditu, erabaki irmoa hartu arte, lege horren 3. eta 5. artikuluak, hala nola 2. eta 6. artikuluen zati bana. Hala jakinarazi du Josu Erkorekak Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan. Jaurlaritzak hamabost eguneko epea izango du erabakiaren aurkako alegazioak aurkezteko. Erkorekak iragarri du duenez, legea ez baliogabetzea eskatuko dio Jaurlaritzak Konstituzio Auzitegiari.
Erabakiak ez du inor ustekabean harrapatu, apirilaren 26an Kataluniako legea –EAEkoaren oso antzekoa– bertan behera utzi baitzuen Auzitegiak, hori ere Rajoyren Gobernuak helegitea jarri eta gero. Kontuan izan behar da martxoaren 29an fracking teknika Espainiako Estatu osoan debekatzeko eskaria egin ziola gobernuari Diputatuen Kongresuak, legez besteko proposamen baten bidez.
Espainiako Gobernuak legea onartu eta oso gutxira iragarri zuen helegitea aurkezteko asmoa, 2015eko udan, baina ez zuen iragarpen hori joan den apirilaren 8ra arte gauzatu. Bitartean, Moncloak eta Lakuak gaiaz jardun dute hainbat hilabetez Bitariko Lankidetza Batzordean, baina akordiorik lortu gabe.
Izan ere, susmoa egon da Jaurlaritzak ez duela legea betearazteko borondate sendorik. 2015eko urrian Eusko Legebiltzarrean egindako osoko bilkura batean, PPko Maria Carmen Lopez de Ocarizek EAJri leporatu zion Espainiako Gobernuari deika ibiltzea, EAEn frackinga oztopatzen duen legeari helegitea sar ziezaiotela eskatuz; jeltzaleek eta Jaurlaritzak berak ez zuten Ocarizek esandakoa ukatu. Estatuan alderdiak duen jarreraren aurka, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPk legearen alde bozkatu zuen Gasteizen. EAJ, berriz, abstenitu egin zen, legearen funtsarekin bat zetorrela adierazi arren.
Konstituzio Auzitegiak frackingari buruzko euskal lege bat bertan behera uzten duen bigarren aldia da. 2014an Nafarroan teknika hori erabiltzea debekatzen zuen legea ezabatu zuen, Espainiako Gobernuaren helegite baten ondorioz halaber.