argia.eus
INPRIMATU
EAEko familiek hilean 200 euro jasoko dituzte ume bakoitzeko
  • Eusko Jaurlaritzak 36 neurri berri garatuko ditu demografiari lotuta eta neurri garrantzitsuenen artean honakoak daude: hilean 200 euroko laguntzak seme edo alaba bakoitzeko (3 urte betetzen dituen arte), gazteentzako maileguak eta haur-eskolen doakotasuna.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko ekainaren 21a
Umeak ikastolan. Argazkia: Dani Blanco.

Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategia onartu du ekainaren 21ean Jaurlaritzak. Estrategiak bost ardatz nagusi ditu: gazteen emantzipazioa, familien eraikuntza, zahartze osasungarria, migrazioa gizarteratzea eta landa-balioa handitzea. Maiatzaren 18an Eusko Legebiltzarrak erronka demografikoari buruz egindako osoko bilkuran onartutako ebazpen guztiak (74) jaso dira. “Estrategiaren helburua da baldintzak sortzea pertsonek nahi beste seme-alaba izan ditzaten nahi dutenean”.

Onartutako estrategia bat dator 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuekin. Estrategia eta jarduera guztiei genero-ikuspegiaren berri eman zaie. Izan ere, helburuetako bat amatasuna edo aitatasuna beste bizitza-proiektu batzuekin aldi berean egin ahal izatea da.

Gainera, familia-aniztasuna, tratu-berdintasuna eta pertsonen eta familien diskriminaziorik eza aitortzea eta babestea da beste helburu bat.

Adinekoen autonomiari ere garrantzia eman nahi diote, bizitza osoa eta partaidetza soziala sustatu nahi dute bizi-ziklo osoan zehar “bizi-itxaropen osasungarria handitzea bultzatuz eta politikak, zerbitzuak eta programak adinekoen belaunaldien itxaropen, gaitasun edo interesetara egokituz”.

Azkenik, gazteei beren bizi-proiektua aurrera eramateko zailtasunei aurre egiten lagundu nahi zaie, emantzipazioaren aldeko baldintzak sustatuz.

Hiru multzotan jasota daude neurriak. Lehen multzoan lau jarduera aurreikusi dituzte, epe laburreko inpaktu-irizpidearekin. Lehena, 200 euroko laguntza hilean seme edo alaba bakoitzeko. Honela azaldu dute: “Bateragarria izango da 4 eta 7 urte bitarteko familia ugarientzako egungo prestazioekin, egungo zerga-kenkariekin eta DSBEaren seme edo alabagatiko laguntzekin”. Bigarrena gazteentzako maileguak dira: interesik gabeko maileguak izango dira eta epe luzera itzultzeko aukera emango dute. Ekintzailetzarako, prestakuntzarako edo etxebizitza proiektuetarako erabili ahal izango da mailegua. Hirugarren jarduera da 0-2 urteko etapan dauden umeentzako haur-eskola doakoa izatea. Laugarren eta azkeneko jarduera “ikuspegi demografikoa txertatzea” da. Legeak, arauak, estrategiak edo sektore-jarduketako planak edo inbertsio-programak egitean egingo da txertaketa hau.

Bigarren multzoak lau ardatz ditu baita ere: gazteak emantzipatzeko neurriak, etxebizitza, enplegua, ekintzailetza eta autonomia lortzen lagunduko dutenak; familien eraikuntza, kontziliazioa eta seme-alaben hazkuntza bultzatzeko neurriak; erabateko zahartze osasungarria bultzatu asmo duten neurriak; eta migratzaileak erakartzera eta gizarteratzera bideratutako neurriak.

Hirugarren multzoak zeharkako hiru “jarduera-ildo” zehaztu ditu: landa-inguruneko zahartzeari eta despopulazioari aurre hartu eta eremu horri berriro balioa emango dioten neurriak; prospekzioa, dibulgazioa eta komunikazioa; eta aurrekontua, jarraipena eta ebaluazioa.